PERLAK
Zuzendaria:Â Leah Nelson. Gidoia: Leah Nelson, Sarah Leavitt, Trev Renney. Herrialdea: Kanada-AEB. Iraupena: 102 minutu.Â
Â
Sarah San Franciscon bizi da. Ilustratzailea da, eta, aldizkari bateko bulegoetan idazkari bezala lan egiten badu ere, noizean behin orrialde batzuk ilustratzeko aukera ematen diote. 1990eko hamarkada da, eta haren marrazkiek bizi duen queer errealitateari egiten diote erreferentzia, borrokan eta aktibismoan zentratuta. Sarahk Donimo izeneko emakume bat ezagutuko du festa batean, eta, bere ezusterako, etxera joango dira elkarrekin. Bizitza bide onetik doakio Sarahri, eta San Franciscon bere txokoa topatu duela sentitzen du. Gurasoen etxera, Mainera, egindako bisita batean, ordea, amaren jarrerarekin izutuko da gaztea: ahaztuta utzi duen plantxak, gaizki erabilitako hitzak eta lorategiko atea irekitzeko ezintasunak alerta guztiak piztuko dizkiote Sarahri. Gaia ateratzean, ordea, estresaren edo menopausiaren eragina dela argudiatuko dute gurasoek.
55 urte zituen Sarah Leavitten amak alzheimerra diagnostikatu ziotenean. Hurrengo sei urteetan, ohar eta marrazkiekin familiak bizi izan zuen esperientzia dokumentatu zuen, eta, ama hiltzean, egindako guztia bildu eta Tangles komiki liburua sortu zuen; 2010. urtean argitaratu zuten. Leah Nelson zinemagileak Leavitten liburua pantailaratu du. Zuzendu eta idatzi duen lehen film luzea da hau.
Tangles-ek Sarahren begiradatik kontatuko digu bere amaren gaixotasunak familian eta bere bizitzan izan zuen eragina. Zaintzaren, arduraren eta erantzukizunen sareak familiako kideen harremanak aldatuko ditu, eta amaren ondoan egoteko nahiaren eta albo batera utzi duen bizitzaren arteko gatazkan egongo da Sarah. Izan ere, Nelsonen filmak gaixotasunari buruz hitz egiten digu, baina bizitza profesionala eta pertsonala eraikitzeko hazten ikusi zuen herria atzean utzi zuen emakume queer baten ikuspuntuak geruzak gehitzen dizkio kontakizunari. Atsekabe eta samin guztiaren artean, Tangles-ek iluntasunean ere umorea topatzen duen bidaia hunkigarri eta goxoa kontatzen du.