SAIL OFIZIALA
Bizitzaren udazkena
Ez da inoiz travelling edo efektu zalea izan Mike Leigh britainiarra. Kontrara, zinema diskurtsibo bat proposatu izan du beti, hitzaren indar soilaz baliatzen dena kontatu nahi duena kontatzeko. Sekretua aktoreen lanean datza, nola hezur-haragitzen duen aktore bakoitzak dagokion rola, ikusleari sinetsarazi arte filma hasi aurretik pertsonaia horiek existitzen zirela, eta filmaren ondoren ere bizirik segiko dutela, filmaren asmo bakarra haien bizitzei zati txiki bat lapurtzea izan balitz bezala. Pertsonaiak ezagutzen hasi orduko, haietako batek ahoaren alde batean hortzak falta dituela ikusten da, ez hori garrantzitsua balitz bezala (ez da aipatzen), baizik eta denboraren joanaren aztarna gisa. Ez da detaile txikia, ordea. Hortz zuri perfektuak ikusten ohituta gauden medioa da zinema, baina hemen, nahitara, bizitzan aski irreala den ezaugarri horri uko egiten zaio.
Minbizia izan zuen papera jokatzen duen Paul Jesson aktoreak, eta ondorio hori geratu zaiola baliatu du Leighek, pertsonaia harrigarriki erreala bilakatzeraino. Lagun zaharrak eta ohiko lankideak dira Leigh eta Jesson, baina inoiz ez dugu film honetan bezala ikusi, ia min emateraino hauskor, zaurgarri, gordin. Askoz gehiago dauka filmak, noski, Leighen zinemak ohi duen paisaia humanoa ageri da, jende baztertua, mindua, abandonatua, baina, zinez, Jessonen pertsonaiaren garapenak, eta honek sortzen duen sufrikarioa, nahikoa potentea da filma eraikitzeko. Esaten dute Leighen azken filma dela. Badu film honek udazken lurrin bat. Ez dakit bi gauzak lotuak dauden.