Donostiako 74. Zinemaldia

'The Heart of the Beast'

'Heart of the Beast' filmaren fotograma bat. ZINEMALDIA
'Heart of the Beast' filmaren fotograma bat. ZINEMALDIA
lander garro
2026ko irailaren 24a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: David Ayer. Gidoia: Cameron Alexander. Argazkia: Mauro Fiore. Antzezleak: Brad Pitt, J.K. Simmons, Anna Lambe. Iraupena: 101 minutu. Herrialdea: AEB.

Propaganda

Ulertzen dut Brad Pitt aktorea hemen izatea sekulako luxua dela, ez bakarrik Zinemaldiari ikusgarritasuna ematen diolako, edota zaleak eta crush-ak sutan jartzen dituelako, baizik eta karrera zinematografiko gogoangarria daukan aktorea delako. Merezi du, eta hemen dago, diotenez eskuzabal, jator, gertuko. Ez da gutxi. Adrenalina kolektibo gaindosi horrek, noski, prezio bat dauka. Oso-oso txarra baita filma. Ez soilik enegarrenez militar traumatizatu baten amesgaizto belikoak kontatzen zaizkigulako, trauma horien erantzuleak gu bagina bezala, eta ez gerren atzean dagoen industria militarra, baizik eta bertan ageri den ordenadorez egindako hartza bezain artifiziala delako zinematografikoki.

Badu AEBetako zinemak militarrak biktimizatzen tradizio luze bat, Oliver Stonek ondo ordezkatzen duena, bere Platoon (1986) edo Born on the Fourth of July (1989) filmekin. Haiek bazuten hondo bat sikiera, zeharkako begirada bat. Odisea baten erdian, epifania batean bezala galdutako pertsonaiak ere badira ugari, esaterako Cast away-ko (Robert Zemeckis, 2000) naufragoa, zeinak bakartasuna gainditzeko Wilson adoptatzen duen, bere errugbiko baloia, zeina bere konfidente eta adiskide bilakatuko den. Hain zegoen hura ondo, eta hain dago hau gaizki, ezen sinpatia gehiago sentitzen duzun hango baloiarekiko, hemengo txakurrarekiko baino, filma guztia bezala kartoi-harrizkoa gertatzen dena.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA