PERLAK
Wilde eta Rogen, eta Cruz eta Norton
Angela urduri dago. Joek ez du ardorik ekarri, eta gonbidatuak berehala iritsiko dira. Alkandora berri bat jantzi du, dirutza utzi du gazta mota ugaritan, eta gonbidatuaren omenez erosi duen urdaiazpikoarekin batera jarriko ditu mahaian, loradendatik ekarri duen sorta handiaren ondoan. Joe betiko bizkarreko minarekin iritsiko da etxera, umore txarrez eta lurretik altxatu ezinik. Garai batean musikaria zen gizona, egun orkestrako musikarien irakasle da, eta gogaituta bizi da. Angelak denbora igaro du etxearen berritzea milimetroraino planifikatzen, eta orain goian bizi den bikote cool-ari erakutsi nahi dio, haiekin inongo harremanik ez badute ere. Pina terapeuta eta sexologoa da, eta Hawk erretiratuta dagoen suhiltzaile ohia. Haiek iritsi baino lehen, ordea, Angela eta Joe ados jarri behar dira: gauero esnatzen dituzten goiko bikotearen garrasi eta marruen gaia atera edo ez.Â
Laukote kuriosoa elkartu du Olivia Wilde aktore eta zuzendariak The invite-n. Zuzentzen duen hirugarren film luzea da, eta berarekin batera antzezten jarri ditu Seth Rogen, Penelope Cruz eta Edward Norton. Ondo funtzionatzen duen taldea da, ordea. Cesc Gayren Sentimental filmaren remake honetan (era berean Los vecinos de arriba antzerki obran oinarrituta) ezkonduta urteak daramatzaten bikotea izango dira Rogen eta Wilde bera. Aspaldi utzi diote elkarrekin hitz egiteari, eta erresuminez betetako eztabaiden bidez komunikatzen dira soilik. Haien parean Norton eta Cruzek osatutako bikote hasiberria, haien gaueroko sexu maratoiekin.Â
Ez da erraza antzerki obra bat pantailara eramatea. Ez ditut Cesc Gayren obra eta filma ikusi, eta, beraz, ez dakit zein zen zinegile estatubatuarraren abiapuntua, baina lan txukuna egin du lau paretetatik irteten ez diren pertsonaien topaketa erretratatzen. Oso agerikoak diruditen pertsonaien geruzak joango da erakusten Wilde, eta apur bat hutsala dirudien gaua sakontasuna irabazten joango da. Ez da berritzailea, eta ez du hausnarketa sakonik eragingo, baina, batez ere aktoreen lanarengatik, gustura ikusten den filma da.Â