Donostiako 74. Zinemaldia

'The Man I Love'

Rami Malek da 'The Man I Love' filmeko protagonista.
Rami Malek da 'The Man I Love' filmeko protagonista.
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 26a
15:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

PERLAK

Zuzendaria: Ira Sachs. Gidoia: Ira Sachs eta Mauricio Zacharias. Argazkia: Josee Dashaies. Aktoreak: Rami Malek, Rebecca Hall, Luther Ford, Ebon Moss-Bachrach, Tom Sturridge. Herrialdea: AEB-Frantzia. Iraupena: 95 minutu.

1980ko hamarkada da New Yorken. Jimmy artista da, antzerkiko artista, eta, denboraldi batez gaizki egon ondoren, obra berri baten entseguekin ilusioz betea dago. Etxera antzerki talde guztia gonbidatu, eta emakume baten ibileraren gakoak azalduko dizkie, edo bakoitzak bere estilora abestuko du jam saio inprobisatu batean, bisitan dauden arrebaren eta ilobaren gozamenerako. Bere bikotekide Dennisekin bizi da Jimmy. Dennisek zaintzen du Jimmy, eta, pasatutako une txarren ondoren, artista bezain pozik dago eszenatokietarako itzulerarekin, etengabeko zaintzak ahituta uzten badu ere. Beheko pisuan mutil ingeles bat sartuko da bizitzera, eta Jimmyren energiarekin eta argiarekin liluratuta geldituko da.

Hiesaren 80ko hamarkadara garamatza Ira Sachsek The Man I Love film luzean. Eta hiesaz hitz egiten digu filmeko pertsonaia batek berak ere izendatzen ez duenean. Baina gaixotasunaz beraz hitz egin ordez, Sachsek bizitzara indar guztiekin heltzen ari den gaixoa jarriko du erdigunean; berekoia eta esker txarrekoa den gaixoa da, baina biziki maite duten pertsona ugariz dago inguratuta, eta maitasun hori ikuslearenganaino iritsiko da. Rami Malek aktore estatubatuarra jarri da Jimmyren azalean, eta, heriotzaren mamua gainean duela, desira, maitasuna eta artea bilatzen dituen gizon izutuaren geruzak primeran irudikatu ditu. Sachsek konfiantza osoa du aktoreengan, eta horrek kontakizun fin bat eraikitzeko aukera eman dio; gordina eta intimoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA