SAIL OFIZIALA
Zuzendaria: Gabriel Martins. Gidoia: Gabriel Martins. Argazkia: Leonardo Feliciano. Antzezleak: Rejane Faria, MaĂra Azevedo, Renato Novaes, Giovanni Venturini, Giovanna Heliodoro, Grace Passo, Marisa Revert, Fernanda Vianna. Iraupena: 148 minutu. Herrialdea: Brasil.
Ihes egitea zilegi balitz
Jim Jarmuschen Broken flowers (2005) hartan bezala, pertsonaiak efimeroki azaltzen eta desagertzen dira istorio honetan. Ez zaigu uzten haiekin lotu gaitezen. Episodic structure gisako bat proposatzen du Gabriel Martinsek erredentzioaren gaia jorratzeko, eta ongi egon daiteke, baina eskematikoegia eta prebisibleegia izateko arriskuan erortzen da, istorioak ez daukalako kitzikagarria izateko behar duen sorpresa. Pittin bat David Linchen The straight story-n (1999) bezala, pertsonaiak ihes egin nahi du, ez daki nora, eta bizitzak ez dio nahiko lukeen bakea ematen.
Izugarri ondo dago Vicentina atormentatuaren papera jokatzen duen Rejane Faria aktorea. Hari esker azal-zulo guztietatik egia dario filmari. Soinekoak, makulua, etxea, orrazkera. Eta bere minari. Eta bere barkamena eskatzeko behar konpultsibo astunari. Egia darie baita ere beste pertsonaiei. Zinez doluan ageri zaizkigu kamera aurrean, nor bere aldarte eta portaeran. Matxinatuak batzuk, otzanak besteak. Asko gustatu zait amaierak daukan alde kotidiano eta aldi berean sinbolikoa: nor bere buruan sartu, lasterka egiteari utzi, mina zeharkatu. Onartu.