'niko eta amona intergalaktikoa'
Idazlea: Abel Amutxategi. Ilustratzailea: Ivan Landa. Argitaletxea: Erein.
Niko eta amona intergalaktikoa izena duen bilduma baten lehen zenbakia da hau, datorren udaberrian bigarrena izango dugula ziurtatuz aurkeztu zuten lehen zenbakia.
Lerro hauetan gutxitan ematen diet lekua idazle eta editoreen aurkezpen hitzei, baina oraingoan salbuespena egingo dut, arreta handiz entzun niolako idazleari, Abel Amutxategiri, aldarrikatzen haur eta gazteen literaturak plazer iturri (ere) izan behar duela: «Haurrentzako liburuei buruz hitz egiten dugunean, askotan bitartekari bezala aintzat hartzen ditugu, umeari bizitzan nola jokatu behar duen, edo, zer nolako balioak izan behar dituen irakatsiko dion bitartekari huts bat bezala; baina guk, helduok, gehienetan plazer hutsarengatik irakurtzen dugu [eta], egia esan, umeek ere aukera hori eduki beharko luketela uste dut». Erabat ados.
Eta liburuak konplitzen du maximarekin, edo saiatzen da, behintzat. Ehun orrialdeak hamar ataletan banatuak ditu. Eta atal bakoitzean abentura dosi bana jasotzen dugu. Hauek baitira Uxue Razkin editorearen arabera liburu honek eskaintzen duena: «Abentura, misterioa eta umorea; batik bat umorea, ze uste dut haurrek asko eskertzen dutela umorea».