Airbourne
Sustraietara itzultzea izan liteke australiarren disko berria, baina sustrai horiek bere diskografia osoan argi eta garbi antzematen dira. AC/DCren estiloa jaun eta jabe izan da beraien ibilbide guztian, nahiz eta oraingoan aurrekoan baino gehiago nabaritzen den. Ez dirudi duela 25 urte hasi zuten bidean aldaketa sakonik egongo denik, baina egia da balore segurua ere badirela, batez ere kontzertuetan. Haatik, iaz single formatuan argitaratu zen Gutsy-k errepika gaindiezina dauka, ahotsen zitalkeria eta kuraia berezia izateaz aparte. Alive after death (Last plane out) metalikoagoa da, oso boteretsua eta ia epikoa. Lehen aipatu taldearen eragina bereziki markatua da gainontzekoetan, baina Here she comes bezalako leloek adikzioa sortzen dute, eta Rock’n’roll ya berberak Accept-en ukitu bat dauka. Kantuen maila ona da orokorrean, eta berriz ere zeharo asmatu dute jarraitzailerik sutsuenak asebetetzeko lanetan.