Kritika. Musika

Areto osoa altxatuz

Marta Garcia
2025eko abuztuaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

xabier anduaga

Pianoa: Maciej Pikulski. Egitaraua: P. Tosti, V. Bellini, G. Donizetti, F. Lizst, G. Verdi, F. Schubert, R. Hahn, J. Guerrero eta P. Sorozabalen obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 12a.

Xabier Anduagak eta Maciej Pikulskik asteartean eskainitako kontzertuak egoera latzean uzten du kritikaria. Jakinik, hasteko, bere ibilbide profesionalean mugarri izan diren eta izango diren aria, abesti eta erromanzeek osatzen zutela kontzertua, nola kondentsatu ia bi orduko programa askotarikoa, tenorraren zein pianistaren tasun guztiak azaleratu eta hedatu zituena? Nola bildu aretoan sumatzen zen emozio sakona, senide, lagun eta zale amorratuez betetako besaulki patioari zerizkion lilura eta miresmena? Datorrena saiakera baino ez da.

Kontzertuaren hasieratik atzeman zitezkeen bi protagonisten goi-mailako jarduna eta, oro har, kontzertua bera definituko zuten elementuak: Anduagaren tinbre garden, indartsu eta malgua; Pikulskik zein modu emankor eta argian harilkatzen dituen esaldiak, zeinen eskuzabal agertzen den une oro partiturei arnasa ematen; eta, gainetik, biek ala biek elementu ñimiñoenekin ere fraseatze bikainak sortzeko duten gaitasun zirraragarria.

Ezaguna da tenor donostiarrak orain arte egin duen ibilbide gorena, mundu osoko antzoki entzutetsuenetan arrakasta bat bestearen atzetik erdietsiz. Genero desberdinetan aritzeko ezagutza eta adierazpen erregistroak dituela baieztatuz, bel canto-an kokatutako arietan zein abesti italiar eta frantsesetan erakutsi zituen arrakasta horri ezinbestez lotzen zaizkion baliabide tekniko zorrotzak, batetik, eta hitzak sentiberatasun eta doitasunez betetzeko sen ona, bestetik. Akaso ez da hain ezaguna, Musikeneko irakaslea izanik urtean zehar gertuago badago ere, interprete zein laguntzaile gisa Pikulskik duen eskarmentu handia. Akorde segida sinpleena ere musikaz bete dezake eta abeslaria altxa egiten duela dirudi. Eta bakarlari lanean, Liszt eta Schubertekin, gu geu jaso gintuen.

Nadia Boulanger zuzendari, konposatzaile eta pedagogoak zioen musikari onak, bere espezialitatea delakoa dela, hiru bertute landu behar dituela: atentzioa, pasioa eta memoria. Hirurak zeuden eszenatoki gainean, norabide guztietan garatuak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.