Kritika. Antzerki musikala

Argi handiak, argi txikiak

Donostia
2025eko abenduaren 26a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

'hamelingo txistularia'

Sortzaileak: Bergarako Antzerki Musikala (BAM!). Zuzendaria: Marije Ugalde. Zuzendari eszenikoak: Valen Moñux, Ander Arruti. Antzezleak: Karlos Etxaniz, Argiñe Agirrezabal, Gorka Unamuno... Musika: Iñigo Casall. Eszenografia eta bideoak: Valen Moñux. Dekoratuen egilea: Ander Arruti. Eguna: abenduaren 23. Tokia: Donostiako Antzoki Zaharra.

Eguberriaren bezperan, argiz beteta daude kaleak. Argi batzuk xumeak dira, argizari horiz egindako kandelaren antzekoak. Iluntasunik ilunenean barne argia piztearen beharraz aritzen zaizkigu kandelak. Baina badira beste argi mota batzuk ere, handiak, espektakuluarenak, pantaila handienak, gauean lo egiten uzten ez digutenak. Eta argi handi horiei jarraikita, kontsumora bideratutako ipuinak (geroz eta aldrebestuagoak), kontsumora bideratutako jarduera, jai, esperientziak.

Testuinguru horretan kokatzen dut neure burua, Antzoki Zaharrera sartu garen honetan. Hamelingo txirularia ikustera joan naiz iloba txikiarekin eta etxekoekin. Grimm anaien istorio klasikoak bizitza soila zeramaten herrixkara eraman gaitu, merkatuan barazki, fruitu, oihal, arrain eta alpargatak izatearen oparotasunera. Horretara eta mehatxuaren amildegira: arratoien izurriteak kaosa eragin du Hamelingo bizilagunengan! Sagu erraldoiak agertu direnean, zalantza egin dugu gure haurra beldurtuko ez ote zen. 4 urterekin jakin beharko luke jantzi gris iletsu horiek ez direla benetakoak. Halere, poztu nau lehenengo minutuetan amari heldu eta aho bete hortz gelditu dela ikusteak... telebistaren aurrean gertatzen zaion bezala, beste inora begiratzeko edo bizirik dagoela adierazten duen keinurik egiteko ez gai.

Minutu luze batzuetan, familia ugari bildu gara espazio berean, Bergarako hamarnaka heldu eta txikien kantu korala entzuten, zuzeneko musika preziatzen, garai bateko jantzi koloretsuei erreparatzen, aktoreen adieraztasunaz eta trama baten atalak poliki-poliki deskubritzeaz gozatzen: hasiera, korapiloa, amaiera.

Argi handien zoramenean, ez dakit izango dugun tarterik barne argiari so egiteko, baina gauza bat argia da: kultura txinparta txiki bat sortzeko pospoloa izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.