KRITIKA. Organo Zikloa

Argia, arina eta anitza

2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun

Monica Melcova



Bertsolariak: Alaia Martin eta Andoni Egaña. Egitaraua: Usurbilgo Salbatore elizako organoaren historiaren inguruko bat-bateko emanaldia. Lekua: Usurbilgo Salbatore eliza. Eguna: Abuztuaren 15a.

Bat-bateko emanaldiek egoera larrian jartzen dute kritikaria, edo, behintzat, entzun behar duen hori aurretik ezagutzeko eta kokatzeko grina duen kritikaria. Ni neu, hain zuzen ere. Kontzertu mota horiek saihestea irtenbide erraza izan daitekeen arren, horrek beste grina handiago bat asetzeko aukera ezabatuko luke: ezezagunaren bideetan barrena esploratzekoa. Hala, astearteko emanaldia hitzordu errepikaezina izan zen, gaur egun Usurbilgo Salbatore elizan kokatuta dagoen Cavaille-Coll/Mutin organoaren historiarekin bidaiatzeaz gain, pentsamenduaren argitasunean, ahotsen arintasunean eta hoditeriaren kolore aniztasunean murgildu ahal izateko.

Emanaldiak bertso jaialdi baten itxura hartu zuen. Ana Belen Garciak, iaztik Organo Zikloaren arduraduna ere badenak, egin zituen gai jartzaile lanak, Usurbilgo organoaren historiatik hainbat pasadizo aukeratu eta publikoari zein bertsolariei aurkeztuz. Historiaren gainean istorioak eraikiz, Alaia Martin eta Andoni Egañak bina bertso bota, eta ondoren, Monica Melcova organista eslovakiarra bat-batean aritu zen entzundako doinuen eta Richard Wagnerren hainbat gaien gainean. Izan ere, organoaren lehen jabeak, L'Espée baroiak, gustuko zuen konpositore alemaniarraren musika oinarri hartuz inprobisatzea. Xelebrea zen zentzu askotan: besteak beste, bere musika jardunaren une gorenetan zakurrek zaunka egin zezaten agintzen zuen, interpretazioari dramatismo kutsua emateko-edo. Hori izan zen, hain zuzen, Martinek eta Egañak hirugarren bertsoaldian garatu zuten gaia. Melcovak aukera profitatu zuen lehen teklatuaren indarra azpimarratzeko, Walkirien kabalkada azpitik entzun zitekeela.

Bereziak izan ziren bigarren eta bosgarren bertso eta organoaldiak. Bata, memoriaren kapritxoez, nola oroimenak isilpean gordetzen dituen norberari edo gizarteari desatseginak zaizkion pasadizoez; Melcova teklatu espresiboan goxo. Bestea, gertukoa duguna maitatzearen xarmaz; organoa luze, modulazio eta dinamiketan oparo. Ondare bikoitza: organoa eta ahotsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.