Kritika. Zirkua

Arrainak zerutik

Agus Perez.
2026ko azaroaren 15a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

'titizé'

Konpainia: Finzi Pasca. Egilea, zuzendaria eta argien diseinugilea: Daniele Finzi Pasca. Musika konposizioa: Maria Bonzanigo. Musikaren interpretazioa: Orchestra di Padova e del Veneto. Eszenografia eta gauzakiak: Hugo Gargiulo. Eszenografo elkartua: Mateo Verlicchi. Jantziak: Giovanna Buzzi. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Data: Azaroaren 13a. 

Finzi Pasca konpainiaren etorrera beti da gertakizun aipagarria, eta horrela frogatu dute lehen emanaldian Arriaga antzokia bete duten ikusleek. Titizé deitzen da orain gurera etorri den sorkuntza eta, esku-programan azaldu digutenez, hi haiz esan nahi du Veneziako dialektoan. Izan ere, A Venetian Dream (Veneziar ametsa) dakar azpititulutzat lanak, oraingo mirari eszenikoa Goldoniren munduan girotu nahi izan duelako Ticino kantoiko sortzaile suitzarrak.

Quebeceko Cirque du Soleil eta Cirque Eloizerekin hainbatetan kolaboratu duen artistak bere konpainia sortu zuen 2011n, eta bere anaia Marcorekin eta Maria Bonzanigorekin batera Teatro della carezza delakoa (laztanaren teatroa) sortu zuten Sunil konpainia fundatu zutenean. Oraingo Titizé hau zirku eszenikoaren gailurtzat jo dezakegu zalantzarik gabe, eta ez bakarrik ekitaldien kalitate harrigarriagatik, baizik eta haien atzean eta denak elkarlotuz erdietsi den osotasunarengatik eta maila artistiko bikainarengatik.

Ez ditut, beraz, orain aipatuko ekitaldi bakoitzaren diseinua eta egikera, den-denak fintasunaren, irudimenaren eta berrikuntzaren eredu izan diren arren. Nahiago dut, ordea, planteamendu eszeniko erabatekoa goraipatu, argiekin, musikarekin eta dena biltzen zuen dramaturgia ia subliminalarekin eratu dena.

Hasiera batean, Finzi Pasca bera eta bere kontrarioa agertu dira antzokiko bi alboko ateetatik, zamaltzain itxuran, eta behin agertokian kokatuta, errieta txikiak bota dizkie artistei beren ekitaldietan jarduten zutelarik, eta iruzkinok umore buruargia gehitu diote artisten jardunari. Bestetik, eta argien diseinuarekin batera, Maria Bonzanigoren musikak Commedia dell’arte delakoaren eremuan kokatu gaitu hasieratik, Andrea Cerrato abeslariaren laguntzaz, eta ekitaldien segida hipnotikoak gidatuta, laster murgildu gara unibertso oniriko batean, denboraren kontzientzia galduz dantza emanaldi onenetan gertatzen den bezala.

Esan bezala, hainbat eta hainbat izan dira zirku-arteetatik baliatu dituzten teknikak, eta haien artean hauek nabarmenduko ditugu beren planteamendu umoretsu, poetiko eta berritzaileengatik: haga bertikalean egindako balentriak, bola argitsuekin izandako malabareak, gizakiak bitan banatzeko edo ezpataz zulatzeko kutxak, itsaso azpiko hondartzaren irudikapena —sirena eta urpekaria gaineko uretan murgilduta— eta, bereziki, era bertikalean proiektaturiko eszena horizontal ezin dibertigarriagoa.

Horren osteko koda, ordea, aurreko guztiaren errepikapena baino ez zait iruditu, baina une hartan jakin dugu zerutik arrain saldoak ere etor daitezkeela.  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA