'lorategiko iratxoa'
Aliziak lurralde miresgarrirako pasabidea untxiari jarraituz topatu zuen, enbor-zulo hartatik behera jaistean ohartu zenez. Bakartxo, liburu honen protagonista, iratxo ñimiño berde bati jarraiki iristen da leku berezi batera, ez zulotik barna jaitsita, baizik eta bitxilore eta urrebotoien artean dantzatuz.
Baina kontakizuna lehenago hasten da, eskolan, Bakartxori irakasleak poltsa bat ematen dionean, birziklatzen ikas dezan. Bakartxok, kontrara, eskola usaina duen guztia gorroto duenez, poltsa airean bidaltzen du, jakin gabe poltsa istorio guztian zehar agertuko zaiola, liburuaren aldarrikapena kutsadurari aurre egitearekin lotuta baitago, erabat.
Ikas-prozesua abentura bihurtuta, iratxoak Bakartxori proposatzen dio natura ezagutzeko zentzumenak erabiltzea, entzun, usaindu, haizea sentitu... Eta aholkatzen dio egiten duen horri arreta osoa jartzeko.
Kontakizuna ez da arina; prozesu bat deskribatzen da, Bakartxok naturarekin bat egiten ikasten erakusten duena. Gertaera asko dira, hamar ataletan banatuta, irakurketa etena egiteko liburu egokia bihurtzen dutenak.