SUZI QUATRO
'Freedom'
Diskoetxea: Chrysalis Records. Â
75 urterekin, eta gelditzeko inongo intentziorik gabe, Suzi Quatrok estudioko hemezortzigarren lana argitaratu du. Detroiten jaioa da, eta Ingalaterrako glam-rock eszenan lortu zuen arrakasta, 1970eko urteetan. Hura zuzenean ikustea bete ezinezko ametsa zen garai batean, baina, Azkena Rock jaialdiari esker, 2022an ikusi ahal izan genuen lehen aldiz, artean 71 urte zituela. Disko berri honetan, ahotsa bere adinaren tonuan jartzen asmatu du berriz ere. Doinu altu haiek aspaldi geratu ziren atzean, egia da, baina orain dauzkan jakituria eta kemena zinez dira aipagarriak.
Freedom izeneko kantuan rock-and-roll klasikoa eta bizia lantzen du, akaso glam-rock filtrotik apur bat pasatuta, garai zaharretan bezala. Diskoak ez dio bide horri jarraitu, haatik. Little Miss Lovely rock kutsukoa da, baina bestelako abiadura dauka, geldoagoa, grabazio honek orokorrean daukana bezalakoa. Gitarrak urratzaileak dira hala kantu horretan nola beste batzuetan. Choose Yourself gustagarria da, intentsitateari eusten dio, eta slide gitarrak eta ondorengo soloak gatza ematen diote. 2024an zendu zen Don Nix estatubatuarraren Going Down-en bertsioa egin du Quatrok; blues sustrai sendoa eta southern rocka ezin hobeto interpretatu ditu pieza horretan eta beste batzuetan.
Lehen aipatu bluesaren eta southernaren presentzia ere nabarmentzeko modukoa da Hanging Over Me-n: jostalaria eta tempo biziagokoa da pieza, eta honky tonk pianoak estilo bereziko ukitua ematen dio. Jolasean dator Here’s Ya Boots ere, baita Can’t Let It Go ere, bere slide gitarrarekin; geldialdi oso ederren eta errepika boteretsuaren jabe izanda, diskoko onenen artean sartu beharrekoa da azken hori, dudarik gabe. Pausatuagoa da, hasieran bederen, Nobody Held My Hand zirikatzailea. Estilo handiko garapen adiktiboa dauka, eta 2 minutu eta 40 segundo igaro direnean entzuten den geldialditxoarekin eta geroko errepika tematiarekin rock klasikoaren lurrak bisitatzen ditu zati askotan.
Shakedown-en bere tonu grabe berria azaleratzen du Quatrok. 1970eko urteetako rock klasikoa dirudi kantu horrek ere, eta gitarra soloak zeresan handia dauka hartan. Diskoaren azken txanpa estimulagarria da oso: Take It Or Leave It hit potentziala, blues-rockak eta errepika gozagarriak beztituta datorrena; Woman’s Song geldoa eta intentsitate handikoa, gitarra riff boteretsuen jabea; eta, amaitzeko, sorpresa handia, MC5en Kick Out The Jams... Alice Cooperrekin batera kantatua! Jatorrizko bertsioa gaindiezina den arren, kantuak behar duen zikintasuna lortu dute. Quatroren ahots garraztua, Cooperren karisma eta estiloa... Oldarkorra bertsioa, bai horixe! Estra moduan, eta Deluxe edizioan, azken kantu bat ere badakar diskoak: It All Comes Down to You ezberdina eta kuriosoa. Bai, Suzi Quatrok urte askotarako sua dauka oraindik gorputzean.