Kritika. Musika

Bach bizikletan

Arkaitz Mendoza.
2014ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Cantus Coelln

Zuzendaria: Konrad Junghaenel. Egitaraua: Johann Sebastian Bachen 'Meza Handia'. Lekua: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Eguna: urtarrilak 23.

Alemanian ez dugu txirrindularitzako itzuli handirik 2009. urtetik hona, dopin kontuak direla eta. Ez dakigu Johann Sebastian Bach musikaria bizikletan iaioa zen ala ez baina lehen mailako gailur dezente dituen etapa eratu zuen Si minorreko Meza handian. Dopin hitza gehiegikeriatzat antzematen da, ahaztu dezagun bada; halere, kantari bakoitzak bakarka eta taldeko lana aldi berean jorratzeko agindua jasotzen badu, zainetan droga dosia desiratuko luke duda izpirik gabe. Hamar ahots, abesbatza eta solista aldi berean, emaitza kolore ugarikoa: batzuk talde lanean indartsu, pelotoian agintzen eta geroko bakarkako jardueran larri, mendateetan tropel amaieran —horra hor tenorra—. Beste batzuk abesbatzaren esaldikapenetan itxuroso baina indarrak gordeaz, liderrari erantzukizuna esku emanez eta erlojuz kontrako etapan, bakarkako zereginetan, harro-harro kemen boterea azalduz.

Ikuspegi honekin Meza bihurgunetsu bilakatu zen, kurba gehiegi, ihesaldi politak —sopranoaren Laudamus te— eta hondamen harrigarriak —kontratenorraren Qui sedes—. Gloria pasarte osoan harizko instrumentuek ahots kanta irentsi egin zuen bolumenean, soinu oreka galduz. Atsedenaldi jardunaldia gogoz hartu zuen abesbatzak, energia iturriak indarberritzeko eta Credo interesgarri bat gauzatzeko bidean. Etapa polita izan zen, mugikorra, abiadura alaian, barnera biltze uneak gozagarri dastatuz: Et incarnatus est eta Et resurrexit talde jolasean eta Et in spiritu sanctum dominum atala baxu abeslari dotorean. Garaiko haize metal instrumentu jotzaileen akats gaindiezinak kontuan hartu gabe, orkestraren egitekoa primerakoa izan zen, Konrad Junghaenel zuzendariaren esanetara txirrindularitzan hain garrantzitsu diren talde aginduei jaramon eginez. Tropela arin, txirrindulariak rol ezberdinetan eta etapa ikusgarri; Bach bizikleta gainean entzuteko aproposa dela frogatu zigun Cantus Coelln taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.