Amorante 'Harri Herri Har'

Bardo bihurria

Diskoetxea: Forbidden Colours.

Andoni Tolosa.
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Amorante da...ยป; zer gehiago esango diozu Harri Herri Har honen berri eskatzen dizunari? Bueno, bai, gauza asko, baina hein handi batean, hasieran, bi hitz horiek esanda lortuko duzu Iban Urizarren kantu sorta berri hau modu sinesgarrian testuinguruan kokatzen hastea. Eta hori artistaren beraren meritua da, nortasun musikal propioa eraikitzeko ausardia, trebezia eta nahikoa egoskorkeria eduki duelako.

Amorantek badu mundu propioa, eta, mundu horretan, eskutik hartuta doaz ardien ezkilak, ukitu industrialak, tronpeta lisergikoak, giro malenkoniatsuak, ahots dramatikoak, erritmo hipnotikoak eta helduentzako ipuin ia gotikoak. Mundu horretan, Amorante bardo jostalari eta bihurria gertatzen da, zehazten zaila den garai bateko ipuin kontalari haluzinatua. Eta hori guztia lortzen du, gainera, modu ulergarrian: diskurtso arranditsurik edo estetika handiusterik gabe. Ez oso modu kriptikoan, alegia, eta bere inguruan ongi errotuta.

Hirugarren disko luzea dakar elgoibartarrak, eta, aurrekoekin alderatuta, hau minimalistagoa gertatzen dela esan daiteke. Erritmoak, oro har, geldoagoak dira, eta ez dira aurrekoetan bezain protagonista gertatzen. Aireak ere motelagoak dira: Agurea, Erreka, Arrels (instrumentala). Epikoagoak, atmosferikoagoak gertatzen dira: Gorde dezakegu, Pobriaren suertia eta Habanera. Erritmoa da, azkenik, nagusi gaiten deiarekin hasten den Kale erdian joteroan eta hip-hop aldera egiten duen Ez dira kantuan (nahiz eta, biek ala biek, aurrera joan ahala, ezustekoen bidetik egiten duten). Eta fini, zortzi kantu horiek osatzen baitute diskoa; ez, ez da Iban Urizar disko luzeen maitale.

Esan daiteke Amorantek ohikoak dituen lurraldeak ukitzen dituztela kantu guztiek, eta musikaria bikain moldatzen dela parametro horietan; bai konposizio mailan eta bai kantuak diskoratzean. Dena dela, ezer azpimarratzekotan, hauxe aipatu behar: nabarmena dela xehetasunari jarritako arreta, azalezko sinpletasun musikalaren azpian, ukitu eta moldaketa txikienari ere emandako trataera. Eta, alde horretatik, askoz ere lan konplexuagoa gertatzen da Harri Herri Har hau; ikusi bestela parte-hartzaileen zerrenda luzea: Los Sara Fontan, Odei Barroso, Hatxe, Xabier Zeberio, Amaia Miranda, Hasier Oleaga, Aitor Etxeberria eta Felix Buff. Gainera, ziurrenik, entzunaldi gehiago eskatuko ditu, eta dantzarako aurrekoak adina gonbidapenik ez du egingo. Baina lasai, Amorante da, eta gozatzeko moduko kantu bilduma ondu du, berriro ere. A, eta autotunea askoz ere gutxiago erabili du, eta, horrela, kantariaren ahotsak indarra eta adierazkortasuna irabazi ditu; zakarragoa gertatzen bada ere, kantuek hala eskatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.