Kritika. Musika

Beteranoen matxinada

Foreign Tongues
2026ko irailaren 27a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

the rolling stones

'Foreign Tongues'

. Diskoetxea: Universal.

WTF. Rolling Stonesen disko bat 2026an? Beste galdera batekin erantzungo dugu: Zergatik ez? Zergatik ez dituzte hamalau kantu fresko eta mardul hauek argitaratuko? Estudioko hogeitabosgarren diskoa dute jada britainiarrek, eta talde bezala 64 urte bete dituzte aurten. Kontua da soinu modernoa eta aberatsa lortu dutela, eta, ordubetetik gorako diskoa luzetxoa gelditzen den arren (hamar bat kanturekin azken emaitza konpaktuago izango zela uste dugu), kantu txarrik ez daukan diskotzarra da.

83 urte dituen Mick Jaggerrek lan bikaina egin du, baita Keith Richards (82) pirata zaharrak ere. Ronnie Wood (79) ere fin ibili da, baina batez ere egin duten talde lana azpimarratuko genuke. Bost urte dira jada Charlie Watts joan zenetik, baina Darryl Jones baxu jotzaileak hor jarraitzen du, azken 32 urteetan bezala; eta Steve Jordanek bigarren diskoa du jada maiestate satanikoekin. Diskoaren hasiera oso potentea da. Rough and twisted blues zikina da, itzela harmonika entzuten denean, eta rock formatuko harrikada zitala du bere garapenean. In the stars-ek taldearen jatorrizko zigilua dauka eta errepika benetan gustagarri eta dibertigarriak podiumera darama zuzen-zuzenean.

Mick Jaggerrek Jealous lover falsete eraginkorrarekin hasten du, Smokey Robinsonen estilorik onenean. Errepika, gainera, aparta da. Mr. Charm-ek ere errepika garbia dauka, gordina eta zingiratsua den arren. Taldearen rock indartsuen maitaleentzat zer hobeto Divine Intervention baino? Berriro diogu, azken pieza hau bezalako kantuek harridura sortzen digute daukaten indarragatik, baina baita protagonisten adinagatik ere. Country pieza baten zain egon direnentzat Ringing Hollow-ren slide guitar-a, gitarra soloa eta balada itxurako egitura dauzkagu zain. Rock eta diskoa nahasten ere bete-betean asmatu dute Never wanna lose you sarkorrarekin. Gitarreroa, azkarra eta kañeroa da Hit me in the road laburra.

Amy Winehouseren You know I’m good sorpresa handia izan da, eta bere terrenora maisuki eraman dutela esan dezakegu. Keith Richardsen txanda orain, berak kantatu baitu Some of us balada polita. Bere ahots apalaren tinbre sakonak Jaggerrenari ematen dion kontrapuntuak fruitu asko eman ditu taldearen historian zehar, baita azken disko honetan ere. Berezia da Covered in you: errepika benetan ederra dauka eta harmonika soloa ere aipagarria da. Orokorrean, Bruce Springsteenen kutsua dauka. Diskoak hiru kanta gehiago dauzka, eta ezinezkoa egiten zaigu sobran daudela esatea. Xarma handia baitauka Side effects apalak. Pop-Rock eskema duela esan izan da, eta horren aurrean Stonesen zigilua mantentzen duela gehitu beharrean gaude.

Sei minututik gorakoa da Back in your life balada melodikoa. Zenbaiti bigunegia irudituko zaien arren, orokorrean harrera ona eduki du eta entzunaldi bakoitzarekin hazten doazen horietakoa da. Chuck Berryren Beautiful Delilah-ren bertsio bat ere egin dute. Blues sakon eta zikina da, diskoari amaiera boteretsua ematen diona. 2027an bira mundiala egingo balute, aukera bikaina litzake bai disko honen zein aurrekoaren (Hackney Diamonds, 2023) kantuen balioa erakusteko.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA