Beti da goizegi

Marta Garcia
2026ko abuztuaren 13a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

EUSKADIKO ORKESTRA

Gaurko testua arrapaladan idatzi nahiko nuke, askorik pentsatu gabe, Juanjo Menaren agurrak sortzen didan ezinegon eta tristurak hitzok duten esanahia edo hartuko duten tonua blaitu baino lehen. Baina desioen eta ekintzen artean sarritan leize sakon eta gaindiezina dago eta, hortaz, barka diezadala irakurleak lerro hauek behar baino emozio zama txikiagoa edo handiagoa badute. 

Asteazkenean Viktoria Eugenian aurkeztu zen programari Arriaga harrigarria izenburua jarri diote. Ederra izateaz gain, guztiz aproposa da hemen hitz jolasa, egiaz harrigarria baita Arriagaren obra, halabeharrez oso gazte idatzia, eta baita hura ezagutzeko hainbeste urte pasatu izana ere. 1826ko urtarrilaren 17an hil zenerako soilik haren hiru Hari laukoteak zeuden editatuta eta argitaratuta, nahiz soilik partitxelak zeuden eskuragarri, ziur asko kostuak aurreztearren. Kontzertuan entzundako programa osoa, hortaz, haren iloba txiki Emilianok Arriagaren tasunak deskubritzearen ondorioz egindako berreskurapen lanei zor diegu. Hala, eta betiere gutxi gorabeherako datazioari jarraituz, partzialki gordetako Esklabo zoriontsuak operaren obertura dugu ekoizpen goiztiarrenetako bat, 14 urterekin idatzi baitzuen, irudimentsua bezain neurritsua. Urtebete beranduago osatu zuen Obertura re maiorrean, Haydn eta Mozarten sinfonietan tonalitate ohikoa. Stabat Mater eta O salutaris hostia motete erlijiosoak 1822-23 ingurukoak dira, jada Parisen ikasketak egiten ari zenekoak. Hiru gizon ahots eta orkestrarako idatziak, oso orekatuak dira forman eta, aldi berean, sentsibilitate handikoak, elizkoitasuna bizitzeko modu sakon eta sendoa aditzera ematen dutenak. Eta Orkestra handirako sinfonia re maiorrean dugu bere ekoizpen instrumentalean azkena, 18 urterekin idatzia, estilo klasikoarekiko atxikimendua eta ernetzen ari zen erromantizismoaren zantzuak biltzen dituena. 

Denera, Arriagaren ekoizpen sinfoniko eta koralaren erakusgai bikain, harrigarri eta hunkigarria. Beti baita goizegi geratzea nahi duzun horri agur esateko. Goizegi esan behar zion agur munduak Arriagari, jakin gabe zeinen musika jenio berezia galtzen ari zen. Goizegi esan behar izan die agur Menak partiturei, batutari eta agertokiei, baina guk badakigu urte hauetan zeinen jenio berezia irabazi dugun. Horregatik, oles egiteaz gain, esker oneko aitortza ere egin behar zaio: oinarrizko mailetan egindako formakuntza lanagatik, abesbatzekiko izandako konpromisoagatik, umiltasunagatik, gidaritza zorrotzagatik, keinuarekin batera doan betiereko irribarreagatik, musikagatik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA