Kritika. Musika

Betikotasun zatikatua

Marta Garcia
2026ko urriaren 2a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Lucas Macias. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Bakarlariak: Jone Martinez (sopranoa) eta Nadezhda Karyazina (mezzosopranoa). Egitaraua: G. Mahlerren 2. sinfonia, Berpizkundea. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailaren 30a.

Gustav Mahlerren 2. sinfonia zuzenean entzutean posible da, oraindik ere, une batez sinestea musikak nolabaiteko berrerospena oparitu diezagukeela. Edo, behintzat, gerta liteke itxaropen sasi-mistiko horrek entzunaldia baldintzatzea, eta horrela ordu eta erdian egiaz fisiologikoki ez, baina espiritualki, estetikoki edo metaforikoki bai, bizi hil eta berpizteko gai garelako ideiarekin auditoriumean sartzea. Musika hau hain da sakona, lokatza eta errautsa bezain lurtarra eta, aldi berean, zeru-esferatik haraindikoa, ezen oso zaila den beti errotikako esperientzia hori biziaraziko digulako ustea ekiditea. Hortaz, obraren izaera bera eta Euskadiko Orkestraren denboraldi berria irekiko zuen kontzertua zela kontuan hartuz, elementu guztiak ezin hobeki uztartu behar ziren espektatiba bete zedin. Eta, oro har, esango nuke elementuak ez zirela arazo izan, baina bai horien uztartzea.

Lehen mugimenduaren sarreran, hari grabeen ekitean, deskonexio puntu bat atzeman zen jada, ondorengo gaien garapenean gehiegi ebatzi ez zena. Hileta-martxa sinesgarria suertatu zen, eta tarteka heriotzaren dramatismoa indarrez agertzen zen, baina osotasun zentzurik gabe. Antzeko sentipenak hartu ninduen bigarren mugimenduaren dantzan, berez lirismo handiko uneak eskaintzen baditu ere, orkestraren masan disolbatuta geratu zirelako. Ildo berean, Urlicht zati zirraragarriari haragia eta definizioa falta izan zitzaizkion; esaldiak marrazteko intentzio handiagoa. Eskatologia esplizitua aurkezten duen azken mugimenduak, berriz, ahotsen sarrera samur eta berpizkundearen iragarpen indartsua lagun izan zituen, abesbatzak tinko eta zuzen babestuta, eta bakarlariek sendo lagunduta. Haatik, berriro ere batasun falta nabaritu zen, bai kanpotik zetozen fanfarreetan, bai taula gaineko koloreen lanketan. Denera, beraz, ezker eskuaren parte hartze handiagoa eskatzen zuen musikak, sekzioen arteko lotura argiagoa, bizitzaz haratago dagoen horri erreferentzia egiten dion arku dramatikoaren garapen osoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA