Kritika. Antzerkia

Bieter eta Lopez

Maryse Urrutik antzezten du obra.
Maryse Urrutik antzezten du obra.
Agus Perez.
2025eko abenduaren 30a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘Adriene Bergson-Johnson’

Konpainia: Itzuli. Testua eta antzezpena: Maryse Urruti. Lekua: Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoa. Eguna: Abenduak 26.

Non eta Aretxabaletan izan dugu Baionako Itzuli konpainiaren azken sorkuntza ikusteko aukera, Iparraldeko hainbat lekutan emana izan ostean. Country musikak girotzen zuen bete-beteta zegoen areto txukuna —nirea izan da saldu duten azken sarrera—, eta egokia suertatu da girotzea, antzezpenean Adriene Bergson-Johnson delako estatubatuar enpresariak master-class bat eman digulako, euskal herritarrok gure kulturari astindu bat eman diezaiogun, munduko lekurik distirantenean jarri arte.

Hasiera batean ingeles perfektuan hitz egin digu ustezko irakasleak, bera konturatu arte ikusle gehienok ez ginela ondo moldatzen Osaba Samen hizkuntzan. Ordea, Maryse Urruti antzezleak euskara ere menperatzen du, eta horri eskerrak jarraitu dugu haren irakaspenak jasotzen.

Estreinako minutuetan Boiseko euskal jaialdi famatura eraman gaitu, eta giro hartan irudikatu ditu Dave Bieter Idaho estatuko hiriburuko alkate euskalduna eta Patxi Lopez EAEko lehendakari zeharo erdalduna. Bien arteko enkontru surrealistari etekin polita atera dio, eta gero beste figura politiko batzuk etorri dira, hala nola Imanol Pradales eta Pello Otxandiano besteak beste, haien aitzakiaz zenbait egoera irudimentsu eraikiz.

Baina dena ez da, ideia urriko bakarrizketetan gertatu ohi den moduan, politikarien gaineko kritika izan, ikastorduan zehar beste kontu asko aletu direlako gure izaeraren, kulturaren eta ohituren kontura. Tarteka-marteka, eta AEBetako showetan bezala, publikoaren onarpena eskatu du noizean behin, eta ikusleen entusiasmoa ere bai, eta bitartean sheriff izendatu du haietariko bat bere sonbreiru, sei puntako izar eta guzti.

Sheriff izendatu berria, ordea, zur eta lur geratu da, baina hitzaldi-emaileak fintasun handiz saihestu du zailtasuna, eta alde horretatik esan beharra dugu antzezpenerako dohain bereziak eta ondo landuak dituela Urrutik: ikusleak poltsikoratzeko energia, lengoaia fisiko adierazkor eta errekurtsoz betea, gorputz-malgutasun nabarmena, kanturako gaitasun ona bere soprano ahotsarekin eta —gehien eskertzen dena— Iparraldearen doinuko ahoskera garbi-garbia, halako moldez non emanaldian zehar ez baitugu hitz bat bera ere galdu.

Aurreko batzuetan Urruti ikusi dugu Hegoaldeko konpainiaren batekin kolaboratzen —Atx Teatroarekin, adibidez—, baina nik uste dut honako hau dela bere lehen bakarrizketa, eta horri esker hobeto preziatu ditugu haren bertute eszenikoak. Nik, behintzat, espero dut Hegoaldeko beste leku askotan programatua izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.