HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Sagarraren misterioa'

Bihotza eta zirrara

Idazlea: Paddy Rekalde. Ilustratzailea: Belatz. Argitaletxea: Elkar.

2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Tarteka argitaratzen dira literatura obrak, esku artean dugun hau bezala, asmo literario soila darienak. Gutxi ematen du, soil izenlaguna neuk ere jarri baitiot, baina, gutxi ez, asko iruditzen zait literatura bere hutsean eskaintzen dituzten obrak aurkitzea, joera utilitarioa duten eskaintza nagusiaren artean.

Konturatuko zinen zeu ere, irakurle, zein zaila den halakorik aurkitzea. Albo-asmoen katalogo bat egin nahi izan gabe, mordoxka bat obra dira euren ezaugarri terapeutikoen pentzuan saltzen direnak, kontaezin ahala balore onuragarriren katalogoa osatuz literaturaren aurkibideetan. Asmoz zintzo ari direla pentsatu beharko dugu, behintzat. Eta zer esan literatura begirada komertzial hutsarekin sortzen duten beste horietaz, ez bada arima-gabeturiko kontakizunak ekoizten dituztela... Eta, hain zuzen, iruditzen zait aurrefabrikatuei falta ohi zaien ariman, eta terapeutikoei falta ohi zaien plazerean dagoela literaturaren balio nagusia: bihotza eta zirrara.

Beharrik, egon badaude terapeutikotzat jo daitezkeen obra dibertigarriak, salmenta arrakasta ere badutenak, baina, sinetsita nago langintzari neurria ongi baino hobeto hartuta dioten eskuetatik etortzen direla, eta terapeutikak literatur sormenaren albo-asmoak izan ohi dituztela. Gure artean P. AƱorgaren, edota J.K. Igerabideren obrei erreparatzea besterik ez dago, adierazi nahi dudanaren adibide sorta pare bat jartzearren.

Eta, hain zuzen, horixe azpimarratzen hasiko naiz Sagarraren misterioa obrarekin: bihotza eta zirrara duen lana da, bere xumean.

Generoari erreparatuta, ikerketa abentura domestikoa da, egungo sorkuntzen artean boladan dagoen haur ikerlari baten pasadizoa kontatzen diguna, gehiegizko arriskurik hartu gabe, eta misterio bat argitzen arituko dena, etxeko ingurunetik urrundu behar izan gabe.

Balizko irakurlearen antzera, protagonista zortzi edo hamar urteko haurra da, landa eremuan bizi den klase ertaineko familia urbanita baten partaidea.

Hirugarren pertsonan idatzita dago, alegia, idazleak aurkezten ez digun narratzaile ezezagun orojakile baten ahotik jasotzen dugu kontakizuna. Ondorioz, haurraren barne-hizketatik apur bat urrutiratuta gaude, eta distantzia horrek babestu egiten du protagonistaren intimitatea, eta babestu egiten du kontakizuna hain modan dagoen psiko-literaturatik.

Halere, nire iritzirako, misterioa argitzeko luze xamar jotzen du, eta erritmo arazoak sortzen dira, nahiz eta narrazioa laburra izan, ataletan banatuta egon, eta beste hainbat aringarri badituen, besteak beste, elkarrizketa ugari eta pertsonaia kopuru txikia. Baliteke formatu arazoa izatea, ez dakit.

Haatik, arestian esan dudan legez, obra honen ekarpen interesgarriena joera didaktiko eta industrialen aurrean egiten duen literatur sorkuntza klasikoaren aldarrikapena da, eta horri heltzen diot nik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.