Kritika. Literatura

Biluztura esateko moduak

'Narrugorrik' liburuaren azala.
PERU IPARRAGIRRE
2026ko azaroaren 1a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'NARRUGORRIK'

«Biluzik jaio nintzen, biluzik nago, biluzik hilko naiz gero». Lazarragaren erresonantzia dakar Ixiar Rozasek Narrugorrik liburuaren pasarte batean, eta noizik eta behin komeni da akordatzea kamiseta, eta galtza eta galtzerdi, kulero eta galtzontzilloak jantzita ere, gero eta jertse eta txamarra lodiagoz babestuta ere, halaxe gaudela gu: biluzik. Gure bizitzen abiada eta konplexutasun eta gatazken aurretik eta harago ere hauxe garela: gizaki. Liburu hau, baina, ez da humanismoaren aldeko aldarri bat, ez bada gizaki izateak, paisaia honetan animalia humano izateak esan nahi duenaren gaineko ikerketa. Memoria jolasa, eraikuntzatik bezainbeste eraistetik duena, oroitzetik bezainbeste irudikatzetik duena.

Hasieran hitza da, hasieran hotsa da, hitza bere materialtasunean, gorputza da, gorputza beste gorputz batzuekin bat eta batera, hasieran jaiotza da, eta heriotza. Paisaia eta orografia intimo eta politikoetatik garamatza Rozasek ozen eta xuxurlaka irakurri beharreko esaldietan barna. Idazlearen orain arteko ibilbidearen jarraipen koherentea da, hitz hori zilegi bada, Narrugorrik. Iruditu zait modu sakonagoan esploratzen duela hitzaren doinutik abiatutako olgeta, kasu honetan biluztuz eta haren bidez biluzaraziz, baina orain arteko modu, gai eta iruditegien oihartzunei muzin egin gabe. Mintzotik edo hotsetik gertu dago Rozasen testu poetikoa, sintaxi ezkutukoz edo zuzenean sintaxirik gabe, hitzik ere gabe ia. Horrek ez du, ordea, adiezin egiten. Ulertzearen, gogoratzearen, sentitzearen eta irudikatzearen bidegurutzean kokatzen du irakurle-entzulea.

Tentazioa izan genezake esateko, behin biluzten hasita, testuan ulergaitza zaigun horretan katigatzeko arriskua duela proposamen honek, baina kontrakoa argudiatzeko ez zait pasarte hau ia osorik ekartzea baino azalpen hoberik bururatzen: «Hemen norbaitek zerbait interpretatu nahiko du. Patroi narratibo bat, agian. Ereduren bat, soinu eta hitz hauetan. Patroi hitza ez da, ordea, egokiena une honetan. Eredua ere ez. Agian, alegoria moduko bat, nondik aditzen den. Nolabaiteko alegoria, itxi ordez, ireki egiten duena. Nolabaiteko mintza, itzuli eta errepikatzen dena, modu desberdinean, beti zerbait kenduz, beti zerbait gehituz, gehiago kenduz, gehituz, kenduz, gehituz. [...] Bilatu nahiko ditu norbaitek, fabulak, parabolak. Testu poetikoa, ordea, mintza da. Arnasketa modu bat. Erritmoen segida. Energia mota bat».

Biluztasuna ez da, noski, azalekoaren sinonimo. Gorputz biluzitik abiatzen da testua, eta gorputzak aditzen ditu hotsak. Gorputzaren hamar zuloez, bere ahoez, eskuez, hatsaz, erotikaz eta naturarekiko ezinbesteko loturaz ari zaigu Rozas. Herri Hizkeren atlasetik hartutako ordainek aberasten dute testua: larrubixik, narrugorrik, biloxik, larruhas, larrugorrin, pikarrai, bĂ¼lĂ¼zgorri; aberasten du bilaketa etimologiko iradokitzaileak, eta, nola ez, Bigararen diseinuak eta irudiek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA