Kritika. Artea

Bukatu da festa

Ocaña Oñatiko Corpus egunaren jaian izan zeneko argazkiak ere badira erakusketan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
'Ocaña (1973-1983) Ekintzak, emanaldiak, aktibismoa'

Non: Montehermoso kultur gunean (Gasteiz). Noiz arte: 2012ko urtarrilaren 15 arte.

Gasteizko Alde Zaharreko Montehermoso kultur gunea leporaino zegoen Isabel Pantojak Mendizorrotzan kantatu biharamunean; erakusketa berrien inaugurazio festa zen, eta mota guztietako pertsonak joan ginen bertara. Festa eta dantza baziren, baina jai hasierako zapore gozoaz gain, jai bukaerako zapore gazia ere agerikoa zen. Beste behin, gaziak irabazi dio gozoari, eta, beste behin, eredugarri den kultur egitasmo batek merezi duen errespeturik gabe, amaiera emango diote festari.

Egungo Montehermoso kultur gunea eroaten duten Xabier Arakistainek eta haren lantaldeak urtarrilean utziko dute kudeaketa lana, eta nabarmena da uzte hori ez dela euren gogokoa. Xabier Gantzaraini egunkari honetan irakurritakoak errepikatu gura ditut hemen: «Denetik entzun behar izan du Xabier Arakistainek aspaldi honetan. Egunero gizentzen da infamiaren antologia. Zinegotzi jeltzaleak hasi ziren kaka nahasten, Montehermoso herritarren bizkar kudeatu izana egotzi zioten, Arakisen feminismoak «emakumeei kalte» egiten ziela eta antzeko perlak. Arakisek eta bere taldeak ez dute jarraituko, azkenean kultur gunea publiko guztientzako izango da». Azpimarragarriak dira, feminismoa ardatz, lantalde horrek bideratu dituen kalitate handiko proposamenak, betiere artea, gaurko kultur eskaintzetan ezohiko zaigun zentzu zabal eta esperimentalean ulertuaz.

Panorama honen itzalean, aukera-aukerakoa da gaur hizpide dudan Ocaña (1973-1983) Ekintzak, Emanaldiak, Aktibismoa erakusketa. Badirudi erakusketak eta Montehermosok espiritu berdintsua dutela. Ocañaren poetika partikularrera gerturatzean poztasuna ezin da samintasunik gabe ulertu; festaren poz neurrigabea biharamuneko ajearekin batzen da, eta erakusketaren bisitak edota egoerari buruzko gogoetak barruak zapore mingotsez bustitzen dizkigu.

Erakusketa Ocañaren baitan sortutako hibrido handi bat da. Fusioaren buru Pedro G. Romero komisarioa izan da, eta funtsezkoa da haren eragina. Proiektuaren hazia beste erakusketa bat da, Romerok berak 2005ean Sevillako CACCen komisariatutako Vivir en Sevilla. Construcciones visuales en torno al flamenco -vanguardias y tradición- entre 1966 y 1999. Erakusketa hartan hasi zuen 1970eko hamarkadan Andaluziatik Bartzelonara emigratu zuten artisten inguruko lana, tartean Nazario eta Ocaña zeuden, gerora Bartzelonako Rrollo kultur egitasmoaren aitzindariak izan zirenak.

Montehermosoko erakusketak berreskuratu du Ocaña, ikuspuntu garaikide batetik, eta, bidenabar, Espainiar estatuko trantsizio politikoko urteak jaso ditu. 1973an, Carrero Blanco erail zuten urtean, haren herri Cantillana utzi eta Bartzelonara heldu zen Ocaña; hamar urte geroago hil zen, jaioterriko festa batean, zeraman mozorroak su hartu eta gero.

Esan dut erakusketa hibrido bat dela, guztia, bizitza eta artea, zakila eta gona, politika eta espektakulua, argazkia eta pintura, goi kultura eta behe kultura, mitinak eta felazioak, bizarra eta belarritakoak, elkarrekin gurutzaturik aurkezten direlako. Guztia batera bizi izan zuelako azken finean Ocañak. Erakusketak primeran adierazten du Ocañarengan biografiaren eta artearen arteko mugak banaezinak direla.

Aretoa hainbat koloretako marra bertikalez josia dago eta entzuten dugu behin eta berriro jarritako Pantojaren Yo soy esa abestia. Yo soy esa, soy la que no tiene nombre, la que a nadie le interesa. Ocaña bera da emakume burgesez jantzia, Retrat Intermitent (1978) Ventura Ponsen pelikularen zati batean, Bartzelonako Cafe de la Operan Pantojaren abestia kantatzen duena.

Erakusketan ere badaude Santa Creun aurkeztutako La Primavera taularatzea; Graziako jaietan agertoki gainean egindako emanaldi txalotua; 1977an CNTk deituriko Nazioarteko Libertarioen festan egindako emanaldi eztabaidatua; La otra, La una, La vieja argazki serieko egunerokotasuneko keinu probokatzaileak; eta El taller de Ocaña diaporama, zeinetan goza daitekeen Ocañaren erakusketa muntatze batek duen artisautza lan osoarekin.

Era berean, atzerrian gauzaturiko ekintzak ikus daitezke, hala nola 1979an Brandenburgoko mugan egindakoa, Ocañak kartoizko Marilyn Monroe bati «ez zara komunista, zu anarkista zara? Marilyn, zu inoiz egon al zara Andaluzian?» Alemania sobietarreko polizia urduritu arte galdetu zionekoa.

Bukatzeko, Euskal Herrian ateratako hainbat irudi daude, esate baterako, Ameztoiren Villabonako etxeko festa batean ateratako argazkiak. Artista euskaldunaren etxean ohikoak ziren festa horiek, irratiz egiten zuen festara joateko gonbidapen zabala, eta halako batera agertu zen Ocaña. Bertan ateratako argazkiak harremanaren beste adibide bat dira, non artista andaluziarra lastoz jantzita, Ameztoiren estetikari keinu eginez eta Jose Luis Zumetak gorputza margoturik agertzen den. Horren arian, ikusgai dugu egunotan, Artiumen, Zumeta eta Carmelo Ortiz de Elgearen Argia barrura erakusketa.

Harreman guztien ondorioz bitxitasun emankor bat sortzen da. Mugimendu erreibindikatzaileen historia berrikusten dugu, non zorionez mugimendu horietan izandako aniztasuna eta desadostasunak islatzen diren; ez bakarrik gozoak, baita gaziak ere. Hala, erakusketa ikusi ostean, uste dut Pedro G. Romerok lortu duela guk Ocaña hautematea ez artista fetitxe baten moduan, baizik eta gaur egun egiten jarraitzeko erabilgarri zaigun artista gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.