Kritika. Artea

Burdin eta azal

Karlos Martinez Bordoyren 'Silver Ships' erakusketa apirilaren 6ra arte egongo da zabalik, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Karlos Martinez Bordoyren 'Silver Ships' erakusketa apirilaren 6ra arte egongo da zabalik, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
2026ko martxoaren 10a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Silver ships'

Artista: Karlos Martinez Bordoy. Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

Sentsazioa dut artisten ekoizpenak bultzatzeko eskaintzen diren lehiaketak pixkanaka gutxiagotzen ari direla —ezinbestekoak direnak artisten ibilbideak hauspotu eta babesteko—. Gipuzkoan, adibidez, orain dela urte batzuk Gipuzkoako artista gazteen programa eten zuten, eta badirudi Irungo Udalak artisten ekoizpenetarako eskaintzen zituen diru laguntzak ere amaitu direla. Zorionez, ordea, programa guztiek ez dute etorkizun bera izan, eta Gasteizko Montehermoso kulturguneak bideratzen duen Proiektu Artistikoak Ekoizteko Laguntzen Deialdiak oraindik ere martxan jarraitzen du. Programa horren barruan, urtero lau dira aukeratzen dituzten artisten proiektuak, eta urtebeteko epea izaten dute, eskuratutako diru laguntza eta baliabideen bidez, haiek aurrera eramateko. Gainera, programa honek badu beste puntu interesgarri bat ere: aukeratutako horiek, ondoren, Montehermoson aurkezten dituzte hiru hilabetez, banakako erakusketa moduan. Hala, une honetan aurreko urtean aukeratutako proiektuetako bat dago bertan ikusgai: Karlos Martinez Bordoyren Silver Ships proposamena.

Erakusketa hauek bi espazio ezberdinetan egin ohi dituzte. Batzuk, kulturgunera sartu eta eskuinetara, eskailera batzuk igota dauden areto jarraituetan egiten dira. Hauek horma zuriko aretoak dira; espazio nahiko konbentzionalak. Beste batzuk, berriz, hiriko ur-biltegi zaharra zegoen espazioan egiten dira; bata edo bestearen aukeraketa, proiektuaren ezaugarrien araberakoa izaten da. Kasu honetan, Martinez Bordoyren proiektua, eraikinaren behealdean dagoen ur-biltegi zaharraren espazioan kokatua dago; aukeraketarekin bete-betean asmatu dute.

Ez da espazio erraza proiektuak aurkezteko: oso areto handia izateaz gain, nortasun ikaragarria du, espazioaren osotasuna adreiluzko arkuz beteta baitago, hormak soilik perimetroan dituela. Eta ondorioz, bertan aurkezten diren proiektuak ere presentzia handikoak izatea ezinbestekoa da, espazioak berak haien protagonismoa jan ez dezan. Kasu honetan, horretarako, artistak argiztapenarekin maisuki jokatu du, egun hain ohikoa ez den dramatismoa erabiliz: espazioa ilun utziz, bere proposamena osatzen duten egiturak foku-argiekin azpimarratu ditu. Modu honetan, espazioaren dimentsioa begi-bistarako txikitu egiten da, eta protagonismo osoa erakusketa osatzen duten zazpi egituretara mugatzen da; lurrean, gainera, egituren proiekzioekin itzal-jolas inguratzaileak sortzen dira.

Kanpin-denden piezetan oinarritutako eskulturak dira: metalezko egituren eta egitura horiek estaltzen dituzten oihalezko azalen artean tentsio-forma ezberdinak bilatu ditu artistak. Bataren eta bestearen funtzioen arakatze bat nabarmentzen da; gailentzerik gabekoa, elkarrizketan. Batzuetan metalezko egituren deskonposizioak dira protagonista, airean lerro finezko forma borobilduak sortuz; eta besteetan, hauek modu ezberdinez estaltzen dituzten gainazalak nabarmentzen dira, zilar kolorekoak, zientzia fikzioaren estetika gogorarazten dutenak, barnealdearen eta kanpoaldearen arteko loturak eta begiradak bideratzen direla; elementu bakoitzaren funtzioa edo funtzio eza jolasean ipiniz, baita estalkiarena eta babesgunearena berarena ere.

Eskultura batzuk metalezko egitura sendo eta puntadunen gainean finkatuta daude; lurretik altxatuta baina azpialdetik eutsita. Beste zenbait ur-biltegiko kableetatik zintzilik agertzen dira, mugimenduan, dantzan, eta bada beste bat espazioa osatzen duten arkuetako baten zutabeari heldua dagoena. Hala, azken hauek espazioari dagozkien elementuak direla dirudite, bere-berezko luzapenak balira bezala.

Mota honetako programetatik ateratzen diren emaitzak beti ezustekoak izaten dira, baita epaimahaikideentzat ere. Izan ere, gauza bat da paperean aurkezten den proiektua, eta bestea haren gauzatzea, kontuan izanik normalean beti izaten direla ustekabekoak proposamenen garapenetan. Aurten aurkeztu den lehen hau ezusteko atsegina izan da benetan; ezberdina eta adierazgarria, bereziki hartutako azken emaitza estetikoari dagokionez, ikusmina sortzen duten horietakoa, zirrikitu bakoitza arakatzeko beharra pizten dutenetarikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA