Kritika. Dantza

Dantza maitatzeaz

Agus Perez.
2026ko irailaren 22a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘Sol invictus’

Konpainia: Herve Koubi. Koreografia: Herve Koubi. Koreografo laguntzailea: Fayçal Hamlat. Musika: Mikael Karlsson, Maxime Bodson, Steve Reich, Ludwig van Beethoven. Argiak: Lionel Buzonie. Jantziak: Guillaume Gabriel. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Data: irailak 18.

Dantza maitatzeaz hitz egin digu Herve Koubi koreografoak bere Sol invictus piezaren aurkezpenean, oihala jaitsita zegoelarik eta ikusleen lehen lerrotik hurbil. Gai aproposa, gero, euskaraz Dantza maitaldia izendapena daraman Euskal Herriko festibal nagusirako.

Beste gauza askotaz ere hitz egin digu, eta haien artean bi aipatuko ditugu. Baga, oraingo pieza hau dantzari eskainitako maitasun aitortza dela. Eta biga, haur garaiak gogoan dantzatu beharraz aritu da. Azalpen horiekin, agian, hobeto uler dezakegu Sol invictus honen planteamendu desordenatua, baina ezinago kementsua eta distiratsua, benetako amodio grinatsuetan bezala gertatu dena.

Herri askotako hamazazpi dantzarik parte hartzen dute sorkuntza honetan, eta, konpainiaren joera apurtuz, bi emakume sartu dira dantzarien taldean. Koubiren esanetan, beren artean ez dute onartzen leku batekoa edo bestekoa izateagatik jasandako bazterkeriarik, eta ikusleek entusiasmoz txalotu dute deklarazioa. Horren ostean hasi da emanaldia, dantzariak eszenara lerro diagonalean sartuta eta dantzarako eremu karratuaren albo banatan jarrita.

Banan-banan sartu dira taldearen izaeraren parte den jarduera akrobatiko frenetikoan, era askotako arropa koloretsu eta eragabeekin —zarpailtsu itxurakoak, dena esan behar bada—, eta hondar koloreko argi inguratzailean bilduta ekin diete beren jauzi sinestezinei, buruz beherako bira etengabeei eta airetiko itzulipurdiei, haien artean noizbehinkako eta bat-bateko eskortzo estatikoak tartekatuz. Ez dezagun ahaztu haietariko askok haurtzarotik ezagutzen dituztela kaleak, eta, zalantzarik gabe, oraingo honetan ere dantza urbanoak izan dira emanaldiaren funtsa eta osagai nagusia, haien demaseko erabilerak piezaren planteamendua errepikakorra eta, are, batzuetan antzua ere bihurtu duen arren.

Hala ere, mistizismora begirako tarte batzuk ere izan dira, esate baterako dontzeila beneratuak protagonizatu dituen koadroetan eta oihal doratu handiarekin izandako eszenetan. Haietan guztietan izan da nagusi ikusgarritasuna, eta bide horretatik irudi plastiko bikainak eratu dituzte. Mediterraneoko bere erroak ere erakutsi ditu pauso batzuen diseinuan —Aljerian ditu arbasoak Koubik—, eta, mistizismoaren bidetik berriz ere, ugariak eta ederrak izan dira dantzariek jarrera erritualean egindako ibilbideak, burua zerura begira eta besoak zein eskuak posizio zabal eta luzatuetan eramanez.

Une hautatuen artean, harrigarria egin zaigu hanka bakarreko dantzariak eskaini digun solo dantzatua, eta musikak ere bere protagonismoa eduki du, lau konpositoreren partiturak Guillaume Gabrielen eskuetatik igaro ondoren, amaiera naturalaren osteko koda astuna eta alferrikakoa egin zaigun arren.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA