'finissage'
Erakusketa espazioa bera da; zehazki, harekin dugun harremana. Bozgorailuek artelanaren audioa askatu orduko, begirada batera eta bestera hasi da, esaldiek aipatzen dituzten elementuen bila. Artistak aretoari berarengandik gogoko duena aitortzen dio, erritmo lasaia eta doinu sentsuala erabiliz. «Zure eskailera-maila izugarri gustatzen zait» bezalakoak entzuten ditut gazteleraz, nire buruan baleude bezala. Detaile txikietan ere jarri da begirada, itxuraz akatsak diren horietan, aurretik egondako erakusketek utzitako marketan.Â
Orduan, denbora moteldu da, egunerokotasunean bizi dugun bizkortasunari tokia ukatuz. Erantzuteko ditudan posta elektronikoak ahaztu ditut eta, paretetan aukerak antzematen hasi naiz, isiltasunetan galderak. Ahotsa behera doa eta ni berarekin aurrera, azpiko solairuan barrena. Aulkian eseri naiz nire laguna Marina aldamenean, elkarrekin egin dugu egote soilaren ariketa Atoi espazioan.
Amaia Urraren (Donostia, 1974) finissage erakusketan gaude, izenburuan ere hitzekin jolasten du artistak, frantsesez inaugurazioetarako baliatu ohi den vernissage kontzeptuaren kontrakoa proposatuz, itxiera erdigunean jarriz. Sorkuntza berriaren partea hiru elementuk osatzen dute: lehen aipatutako soinu instalazioak, «kapitalismoari araoa» izena duen liburuxka batek eta abenduaren 12an 12:00etan egingo duen performanceak. Lehendabizikoa sarrera prozesu moduan aurkezten ditu, azken biak, ateratzeko konjuru gisa.Â
Gauzak horrela, soinu-lanak gelari so egotera gonbidatzen gaitu, Amaia Urrak egindako behaketa ariketa sakon bezain poetikoa errepikatzera. Arreta indartzen duen ariketa honek, erakustareto hutsa du eszenatoki. Horrelako esperimentazioan pentsatzean, Yves Kleinek 1958an Iris Clert-en Pariseko galerian aurkeztutako Hutsa lana datorkit burura, espazioa artelan bihurtuz. Kanpotik bere urdin ezagunarekin pintatu zuen galeria, eta barrutik, zuriz; urdinaren desintegrazioa irudikatzeko. Bi urte geroago, Arman-ek kontrakoa egin zuen Betea erakusketan, Clerten galeria hainbat objekturekin gainezkatuz.Â
Horiez gain, asko dira erakustaretoaren inguruan hausnartzen duten artelanak;Â alabaina, gizarte garaikidearentzat bereziki iraultzailea da Amaia Urrarena. Byung-Chul Han filosofo ezagunak gaur egun arreta falta nabarmena dugula adierazi du, kontenplazioari tarte gutxi uzten diogu eta. Urraren erakusketan, denborazkotasuna eta egotea berreskuratzen dira, artistaren hiru lan berriak astia eskatzen baitiote publikoari: entzuteko, ikusteko, irakurtzeko.
Liburuxkan arretaren inguruko azterketa egiten da, era biziki bisualean. Urrak proiektua prestatu bitartean Atoirako bidean bere begiradaren ibilbidea erregistratzen zuen; atentzioaren dokumentazioa burutuz. Ariketa horri argitalpenean kutsu magiko eta politikoa eskaintzen dio, Kapitalismoari araoa baitu izenburua. Atentzioa bahituta dugun gizarte honetan, ekimen hauslea da hau. Artistak bizitakoa publikoak beste era batean, ozen irakurriz, egitekoa.
Erakusketa gertuko artistei bideratutako Foku proiektuaren barnean kokatzen da. Atoiko zuzendariek, Usue Arrietak eta Ainara Elgoibarrek, bideratzen dute bi atalez osatutako programa hau. Alde batetik, artelan berria sortzen da Atoin erakusteko; bestetik, sarean artxibo modukoa eratzen da, foku.info webgunean, artistek aurretik egindako lanen katalogo arrazoitua. Bada, ikerketarako tresna baliagarri honek espazio birtualera hedatzen du erakusketa. Izan ere, performancearen iragankortasuna dela eta, dokumentazioak garrantzi nabarmena izan ohi du. Azpimarratzekoa da baita ere artistek haien inguruan sortzen den diskurtsoan parte hartzeko aukera dutela. Arte garaikidearen historialaria izanik, interesgarria iruditzen zait berrikuspen hauek artistarekin elkarlanean egiten direla jakitea, barneko ikuspuntua kanpokoarekin erkatzeko aukera paregabea baita.
Artxibo digitalean barrena edo erakustaretoan bertan, bakoitzak erabakiko du nondik hasi. Nik, oraingoz, posta elektronikoak erantzun gabe utziko ditut (eta, ziurrenik, ez da ezer larririk gertatuko). Erakusketan ez dago presarik: ahotsak hizketan jarraitzen du, begiradak bere bidea egiten du eta denborak, tarte batez, ez du aurrera egiteko hainbesteko premiarik. Hori da Urraren konjururik eraginkorrena: ezer egin gabe egoteko baimena ematea, denbora «galtzea », hain zuzen ere, hura berreskuratzeko.Â