Kritika. Artea

Elkarri eutsiz

Mar de Dios artistaren erakusketa, Rekalde aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mar de Dios artistaren erakusketa, Rekalde aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2026ko ekainaren 2a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

MAR DE DIOS

Non: Rekalde aretoan, Bilbon. 

Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

 

Itzuli naiz Rekalde aretora Mar de Diosen (Barakaldo, Bizkaia, 1992) erakusketa berriz ere ikustera. Euskal testuinguruan zeramikan aritzen den belaunaldi gaztearen parte dugu artista, EHUko Arte Ederren Fakultatean Zeramikako Masterra ikasitakoa. Azken bolada honetan erakusketaz erakusketa aritu da, bai euskal testuinguruan, bai nazioartekoan. Esaterako, hilabete hauetan Bilbon bi erakusketa izan ditu aldi berean: aztergai dudan bakarkakoa eta haren pieza berri batzuk bildu dituen Guggenheimeko Lurraren Arteak talde-erakusketa. 

Rekalde aretokoa Barriek programaren parte da, Bizkaiko Foru Aldundiak lagundutako artistei ikusgarritasuna eskaintzea helburu duena. Espazioko gela txikian egon arren, B aretoan, txikitasuna handitasunari gailendu zaio. Izan ere, Mar de Diosek 2021 eta 2026 bitartean egindako ibilbide oparoaren hautaketa paregabea eskaintzen digu B areto horrek. 

Zeramikazko artelanak lurrean daude, idulkirik gabe. Altuerari lotutako konplexurik ez dute, antza. Gertutik behatu nahi izatekotan, gu gara egokitu behar dugunak. Gorputz izeneko idulkiak uzkurtu behar ditugu, piezak bekoz beko ikusteko, elkarrekiko harremanean sakontzeko. 

Nire aurreko bisitan, Candela Garazi (Donostia, 1992) performerrak dinamizatu zuen Mar de Diosen erakusketa. Publikoari jarraibideak eman, eta bisitarion parte-hartzearekin gauzatzen zen lana. «Pertsona bat gelara sartzen da eta gogokoen duen artelanaren alboan etzaten da», entzun, eta jarraian bisitarietako batek betetzen zuen deskribapena. Ausartu izan banintz, hiru piezaz osatutako lanaren aldamenean kokatuko nintzateke. Gimnasioetako kettlebell eta umeentzako zigilu loredunen formaren konbinazioa iradokitzen duen lan horren ondoan.

Esanak esan, hori ez da erakusketako pieza erakargarri bakarra, guztiek daukate berezko xarma. Forma ezagunak eta ezezagunak dira aldi berean, kontrastez eta sorpresaz beteak. Geometrian oinarritutako lengoaia sintetiko baina adierazkorra darabilte. Pieza bakoitzak, formaz gain, koloreak eta ehundurak jartzen ditu erdigunean (metalizatu irristakorra, beltz belusatua eta abar), eta, hala, ikusmenaren eta ukimenaren zentzumenak aktibatu. 

Hitzez deskribatzen saiatzen ari naizen arren, azpimarratzekoa da artistak ez duela idatzizko oztoporik jarri. Anonimo ageri dira erakusta aretoan obrak, ez baitu bere lanen izenbururik adierazten. Metal arte-aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean irakurri dut artelanari bere kabuz hitz egiten uztea gogoko duela, ez baitu ikuslea baldintzatu nahi. Lan-prozedura gisa intuizioa baliatzen duela ere aipatzen du. Nolabait, horrek gorputzetik gorputzerako harreman zuzena eragiten duela pentsarazten dit, gu artistarekin konektatzen gaituela.

Artelanek afektuak jaso eta eragiten dituzte pertsonengan, baina baita haien artean ere. De Diosek bakarkako erakusketako eskuorrian azaltzen duenari jarraikiz, afektibitatea sorkuntza-prozesuaren erdigunean izan du azken urteotan. Adierazpen horrek piezen arteko harremanak erdigunean jartzen ditu, eta mota desberdinetako loturak erakustaretoan azaleratu. 

Obra batzuk multzoka ageri dira, adibidez, binaka edo hirunaka. Aitzitik, itxuraz banaka isolatuta daudela ematen duten horiek ere ez daude bakarrik. Izan ere, artelan bakoitza garbi desberdindutako parteek osatzen dute, dela koloreagatik, dela ehunduragatik. Batak bestea sostengatzen du, osotasun anitz bat sortuz. Are gehiago, afektuekin batera sostenguaren ideia da protagonista, xakeko peoi edota piperrontzi itxura duen artelan makurtuan ikusten den moduan.

Elkarri eustearen kontzeptu hori erakusketara gonbidatu duen eskulturan ere ikusarazten da. Artistak Angel Garrazaren Argiak (2000) txertatu du erakusketan, aipatutako asmo poetikoa ederki adierazten duen bi ataleko artelana. Gonbidapen honekin Mar de Diosek bere irakasle izandakoarekiko atxikimendua partekatu nahi du. Ondoriozta dezakegu erreferente garrantzitsua izan dela irakasle hori berarentzat eta, erakusketa honetan ikusten dudanari jarraikiz, Mar de Dios bera euskal testuinguruko belaunaldi berrientzat ere eredugarri izango dela baiezta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE