Soziedad Alkoholika 'Sistema Antisocial'

Erregaia zuzenekoetarako

Diskoetxea: Maldito Records.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Logo ezaguna ez da ageri azalean, eta lehen aldia da beraien diskografian. Lasai, ez da ezeren adierazgarri, eta Sistema Antisocial diskoa ez da mugarri bihurtuko Soziedad Alkoholika taldearen ibilbidean. Zuzenekoetarako erregaia baino ez da, baina oso aproposa gasteiztarrentzat. Sei urte luze pasa dira aurreko lan luzea argitaratu zutenetik, eta bazen garaia errepertorio gordin eta kritikoari jaurtigai berriak gehitzeko.

Zigilu eran darama banda arabarrak azken urteetako jazarpena. Ez dute ahaztu jasandako kriminalizazioa, eta egungo justizia falta salatzeko arrazoirik ez zaie falta. Martxoaren 3an argitaratu zuten lan berria, 1976eko erailketak gogora ekartzeko, eta gezurra badirudi ere, 2017an justizia eskatzeko. Horregatik, omenaldia eta salaketa nahasten dira No olvidamos, 3 de Marzo abestian. Biribila izateko erdibidean geratzen bada ere, mezuak bere balioa ematen dio.

Marka propioa lortu du S.A. taldeak hogeita hamar urte betetzeko urtebete falta zaion honetan. Hardcore punk bizitik abiatu baziren ere —klasiko ezagunenen aroa—, abiadura pixka bat moteldu zuten thrashcore zapaltzaile eta ilunera iristeko. Polvo en los Ojos disko bikaina izan zen trantsizio natural horren hasiera, nahiz eta batzuk uste Roadrunner diskoetxeak kokatu zuela banda metal pisutsuaren eremuan. Ordutik, hala moduz moldatu dira. Mala Sangre lanak arabarren izaera indartu zuen, garai irregularrean. Cadenas de Odio diskoa ere berezia izan zen, batez ere, Roberto Castresana bateria jotzaile ohiarentzat. Alfred Berengenak hartu zuen bere lekua 2012an.

Ikurra ageri ez bada ere, azalak Sistema Antisocial izenburua azpimarratu eta diskoa deskribatzen du. Hamahiru kantuek taldearen ezaugarriak azaleratzen dituzte. Zuzen, labur eta hardcore azkarrekoak daude (Fugitivos, Resurgir eta Desconocido habitual), eta Hatebreed zein Madball zaleak direla islatzen dutenak (Causas podridas eta Farmacocracia). Eragin berekoa da Alienado, letra aparta eta metal kutsuko hardcore irmoa batzen dituena. Policias en Accion abestia, berriz, zuzenerako erregai bikaina da Mark Barney Greenway Napalm Death taldeko kidearen kolaborazio eta guzti. Aldiz, Alkohol punk kantua soberan dago, Viña Rock jaialdirako balio badu ere.

Zeinu gaiztoaren irudikatzen ditugu Antisocial oihukatuz. Horrela diote diskoari izena ematen dion abestian, eta taula gainean ere antzera izango da. Juan, Jimmy, Iñigo, Pirulo eta Berenjenak osatzen duen boskotea hasi da zuzenekoen bidez lan berria aurkezten. Erretzeko asko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.