Kritika. Literatura

Esanezinari dei

'Deiadarraren antologia bat' liburuaren azala.
2026ko irailaren 27a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'DeiadarrARen antologia bat'

Egilea: Rakel Pardo Perez. Argitaletxea: Alberdania.

Rakel Pardo Perezen bigarren poema liburua da Deidarraren antologia bat. Iragan ekainean argitaratutako lanarekin segida ematen dio egileak 2024ko Egurats zabaletako izendaezinak hari. Denboraren ideiaren gainean egituratzen da lan berria eta harekin lotutako greziar jatorriko hiru kontzeptuk ezartzen dituzte atalak, hurrenez hurren: Kronos, Aion eta Kairos. Liburu laburra da —orri kopuruari zein poemen luzerari dagokionez—, baina iraupen luzekoa eta trinkotasun handikoa mamian. Era berean, ez da poema solteen bilduma hutsa, gai beraren inguruko bariazio txikiko aleen mataza baizik. Batasun organikoa du liburuak eta horrek indarra ematen dio Pardoren proposamenari.

Oihua da berez deiadarra. Baina hitzaren osaerari erreparatuta, azkar asko ohartuko da irakurlea dei egitea ere badela. Liburuaren tonua eta estiloa aintzat hartuta, inbokaziotik ere baduela esan genezake. Irubelakaskoko tontorretik —Baztango mendia izatez, liburuan talaiaren izaera sinbolikoa bereganaturik— dei egiten dio poetak, bere gizaki kondizio apaletik, esanezinari. Hori dela eta, tonu arkaikoa ere badute poemek, filosofo presokratikoen eite orohartzaile eta esaera aforistiko bezain metafisikoa igartzen baitzaie. Denboraren zentzuaren bila abiatzen da poeta edo, nolabait, hura gertagarri bihurtzen duen horrexen inguruan jirabiraka ibiltzeari ekiten dio. Gizakiok harekin harremantzeko dugun moduak kezkatzen du. Hori horrela, denboraren izaera existentzialari neurria hartu nahi dio, poemaz poema, Pardok. Agerikoa da poesiarekin estuki lotuta dakusala berau, haren bidez hasi baitaiteke ahotsa bide egiten hots noranahikoen unibertsoan.

Ahots hori esanezina da neurri handi batean, oihartzun fin bat baino ez du uzten denboraren itsas zabalean. Iragankorra ere bai, funtsa esan ezin dezakeena. «Hitza ereitea» poetaren egiteko leiala da, ordea. Ereintza horrek ezer gutxi dezakeela esanezina esaterakoan, ez dirudi gizakion ardura. Begirada bat eskaini nahi du poetak, «bere gorputzak hutsarekin agertuko duen konpasa» azaldu. Erreberberazioak funtsezkoenaren ezusteko ertz bat joko du akaso. Munduan egoteko modua da, berez. Denboraren kontzientzia hartu eta erneago bizitzeko hautua. Giza kondizioa ikasteko era ere bada.

Poemen ezaugarriei dagokienez, sententzia itxurakoak dira gehienak, ez-narratiboak eta abstraktuak. Esan nahi baita, egilea ideiak gorpuztu nahian ari da eta tarteka baino ez du helduleku fisikoetara jotzen. Hala denean, naturaren baitakoak izaten dira darabiltzan imajinak. Erreferentziak ere badaude liburuan, ugari —azkenengo atalaren hasierako aipua irakurri baino lehenago dator Rilke burura—. Harrigarriagoa Williams Carlos Williamsena Harremana —pieza bitxia liburuan— poeman, egilearekiko poeta ezinago desberdina antzematen baitut. Edozein kasutan, zenbait poema traketsago gorabehera, liburu trinkoa, organikoa eta sendoa idatzi du Rakel Pardo Perezek. Esanezinari dei, Rilke hil eta 100 urtera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA