Kritika. Musika

Eskarmentua, ausardia eta gogoa

Abandonatuak
Andoni Tolosa.
2026ko urriaren 4a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

natxo de felipe eta kuarteto filiperena

'Abandonatuak'. Diskoetxea: Elkar.

 

Ikusleen arreta lortu behar duten herriko plazara heldu berriak diren artistek bezala, biolinek, txeloak eta biolak doinu arin bat marrazten dute. Eta behin ingurukoak begira dituztela, tonua jaitsi, doinua geldotu eta badator kantua: «Gu bagoaz herriz herri kantatzera munduko berri...». Zer sarrera eder eta era berean esanguratsua kantu-bilduma honena. Zein gozo datorren ahotsa, zenbat jakinduria ote dagoen kantaera horretan. Musikariek nola azpimarratzen duten Natxo de Feliperen lana, nola irekitzen dizkioten espazioak bere manifestua azal dezan; finean, printzipio-adierazpen moduko bat baita diskoa irekitzen duen hau. Ia-ia jota bihurtzen den polka.

Sarrera horretan, aurrerago jo gabe, dagoeneko, suma daitezke lan honen ezaugarri nagusiak. Lehenik eta behin, esku egokietan, zein lausoa den musika klasikoaren eta herri-musikaren arteko muga. Diskoan zehar, etengabe, modu gozagarrian igaroko du entzuleak balizko aduana hori. Horretaz gain, gogoratzea beharrezkoa ez den arren, lehen kantu honek argi azalduko du Natxo de Feliperen kantugile gaitasun aparta, hitzak aukeratzeko eta musika ederrez janzteko senetik harantzago doana, ziurrenik, inguruarekiko duen ikuspuntu bizi eta kritikoa azaleratzearekin zerikusi gehiago duena. Ausartuko naiz esatera bi ezaugarri hauen nahasketak bihurtzen duela ariketa nostalgiko hutsa izan zitekeen lana, kantu ederrez betetako egitasmo garaikide eta kitzikagarria. Eta horretarako trebezia handia behar da. 11 urte igaro dira azken diskotik, baina ate handitik itzuli da kantaria.

Balsak, zortzikoak, jotak, polkak, fandangoak... Aurrera egiten du diskoak bi maitasun kantu ederrekin: Itsas handiak ahoa zabal eta Itauna. Natxo De Feliperen espezialitateetako bat inondik inora. Segidan lehen pieza instrumentala dator, Gerra-dantza bakerako, eta iruditu zait, aldeak alde, Oskorrik ez zuela oso ezberdin gauzatuko soka tresnak trikitia, baxua, flauta eta gitarrarekin ordezkatuko bagenitu; dekonstrukzio ariketa polita da. Bostekona akademikoagoa gertatzen da. Herrikoiagoa, berriz, Pablo Sorozabalen Debako Martxa, Bertsioa disko honetako hirugarren instrumentala.

Badira himno izateko sortutako kantuak: Ardo Mindua edo Nahi Nuen kantatu. Umorerik falta ez dutenak: Arriagaren Kanpaiak, Izan Nahi Nuke, Aspaldian Nabila eta hizkuntzaren alderik erritmikoena lantzen dutenak: Kiskil Kaskail, Ziri eta Lili. Artista bilbotarrak betidanik landu dituen alorrak dira, eta denek dute agerpenen bat Abandonatuak honetan. Agidanez, diskoak jakituria eta eskarmentu handia erakusten du, baina baita esperimentatzeko eta jostatzeko nahia ere, eta ez al da hori halako ibilbidea duen artista bati eskertu behar dioguna?

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA