Donostiako 48. Jazzaldia. Kritika

Eskoziako popak euria hezi

Belle & Sebastianek pop doinuz busti zuen hondartza. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Belle & Sebastian

Lekua: Agertoki berdea.

Eguna: uztailaren 26a.

Jende kopurua: 8.500 lagun.

Eskozia beti izan da herri euritsua, eta hezetasun horrek pop-rock talde handiak eman ditu 80ko hamarkadatik honat. Bertakoak dira, bertzeak bertze, Orange Juice (Edwyn Collins handiaren talde ohia), Josef K, Jesus & Mary Chain, Teenage FanClub eta ostiral gauen ikusi genituenak.

Gauerdian oraindik ez zegoen goxo Zurriolako hondartzan, euria eta haizea gogotik ari baitzuen. Aitzineko eguneko Elvis Costellorena zirimiripean ikusi genuen eta ematen zuen Eskoziako Belle & Sebastian euripean ikusiko genuela. Ikusle gehienok prestatuta joan ginen anorak eta guardasolez hornituta. Baina hara non, 00:30 aldera arintzen hasi eta emanaldia hasi orduko atertu zuen eta giro bustiak pop erauntsiari eman zion bide.

Intro txiki baten ondoren agertu zen taula gainera talde jendetsua; ohiko zazpiak gehi tarteka agertu eta desagertu ibiliko ziren emakumezko biolontxelo jotzaile bat eta biolin laukote bat.

Lehenengo kantu instrumentalarekin berotu eta Stuart Murdochen neska-mutilek bizi-bizi ekin zioten I'm a cuckoo eta Le pastie de la burgeoise pop kantu dantzagarriekin.

Ondoren Another sunny day eta I want the world to stop ederrak etorri ziren, eta geroxeago To be myself completely-rekin dantzara ateratako neska batekin aritu zen dantzan Stuarteta funk-pop giroko doinu dantzagarriak jo zituzten jarraian; Sukie in the graveyard, Funny little frog… etorri ziren, eta guateke gisako bat antolatu zuten dantzara agertu ziren hainbat neskarekin (mutilik ez zen animatu…)

Haien artean Lord Anthony balada eztia izan zen eta kantaria jende artera jaitsi zen goxo-goxo abestera.

Bukaera aldera I didn't see coming eta The boy with the arab strap xarmantak etorri ziren.

Ordu eta hamar minuturen buruan agurrak egin eta finitzea erabaki zuten. Halere, jendearen eskariei kasu egin eta bertze bi pieza egin zituzten ondoren, Judy and the dream of horses eztiarekin bukatuz. Santiagoko ezbehar latza ere gogoratu zuten amaieran.

Talde osoa esker oneko eta egoki aritu zen kantu guztiei dirdira ateraz, eta maiz entzun genituen eskerrik asko-ak.

Eta finean, Eskoziako pop erauntsia euriari nagusitu eta bihotz altxagarri izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.