‘Divinas palabras’
Â
Anne Carsonek badu poema bat non Antonin Artauden hitzak biltzen dituen. Antzerkigile frantsesaren arabera, teatroa da espazio bat non burututako keinua ez den bi aldiz errepikatzen. Horregatik diogu —beste gauza batzuen artean— antzerkia arte bizia dela, beti iraunkor, baina, aldi berean, aldakor: errepikatu gabe errepikatzen den arte adierazpena. Divinas palabras (Jainkoaren hitzak) ikusteko zain geundela, horiek bezalako pentsamendu filosofikoak zebilzkidan buruan itzulinguruka, nola, adibidez, batzuek entsegua esaten diogun baina beste batzuek errepetizione, nola, esate baterako, badiren titulu batzuk usu programatzen direnak, bizitzan zehar hainbat alditan ikusten ditugunak.
Divinas Palabras noizean behin oholtzaratzen den horietako lan bat dugu. Zenbat bertsio ikusi dugu dagoeneko? Eta horietatik zenbaten ospea iritsi zaigu guri? Jakin badakigu 1919an argitara eman zutela eta 1933 arte ez zela oholtzan ikusi Margarita Xirgu handiaren eskutik. Jakin badakigu obra honekin, esperpento edota tragikomedia groteskoko puntako lana utzi zigula idazle galiziarrak, eta, pieza hau muntatu ahal izatea antzerki-taldeen heldutasun artistikoa adierazgarritzat jotzen dela gaur egun. Gabriel Arestiri zor diogu euskarara ekarri izana 1963an, eta oraindik dut gogoan Juan Carlos Plaza zuzendari zela eta Maribel Belastegi zuzendari laguntzaile zela ikusitako euskal produkzioa Orain taldearen eskutik. Antzerti erakundearen garaiak ziren, 1987. urtea, beste mundu bat.Â
Sevillako Atalayak 1998an estreinatu zuen bere Divinas Palabras. Are, 2024an oholtzaratu du berriro bere garaian teatro alternatibo eta apurtzailearen ikurra izan omen zen Valle-Inclanen tragikomediari eskainitako eszenografia abstraktua. Ni nago —egungo ikuslearentzat testuak hizkerari jarraitzeak ekartzen dion gainkargaz gain— bertsioa ez dela zaharkitu; batetik, izpiritua bere gordintasunean mantentzen duelako, eta, bestetik, abstrakzio estilo hark betikotasun moduko bat bermatzen diolako. Ezagutzen ez nuen bertsio kanoniko bat ikustera joaten nintzela sentitzen nuen, ikusle-arkeologo gisan indusketan, tentuz, eta akaso horregatik eszenografia abstraktu ospetsu horretarako iritzi kritikoa guztiz desaktibaturik nuen. Ezagutzeko —eta ez epaitzeko— gauza bat zen, kito. Beste alde aldetik, aldiz, antzerkigileen exekuzioa puntakoa izan da bai kantetan, bai dantzetan. Ahotsekin egiten duten modulazio lana aspaldian entzun gabe nengoen.
Valle Inclanek Divinas palabras idatzi zuen garaiko Espainia beltza, zikoitza eta krudela islatzeko. Antzezlanaren protagonistek, diruzalekeriaren karietara, Laureaniño elbarrituaren zaintzaren ardura banatzen dute erromerietan freak moduan erakutsiz, eskean ibiltzeko. Gizagaixoak tratu txarrak jasotzen ditu eta behin gehiegi edanarazita hiltzen zaie. Hiletak ordaintzeko, txerriak erdi jan dioten gorpua erakusgai ipiniko dute senideek. Horretaz gain, Mari Gaila zitalak, bere askatasun sexual dela-eta, gizonen oldarraldia nozituko du, harik eta senarrak denon hipokrisia salatuz erasoaldia gelditzen duen arte. Etikarik gabeko jendea Vallek deskribatutakoa, besteen sufrikarioaz aprobetxatuz aberastu nahi duena, eta horrek, tamalez, gaurkotasuna badu. Eta horrela, nahiz eta beste maneretan gauzatu, esperpentoa beti errepikatzen zaigu.
Publikoak txaloaldi zaparrada luzeaz eskertu zuen ikusitakoa. Antzezleak lau aldiz atera ziren agurra ematera.Â