'Hamahiru urteen madarikazioa'
Irakurketa arazo ez denean, eta abentura zuriak, herabeak, bilatzen direnean, Warren XIII.a atsegin iturri izan daiteke. Bertan, fantasiazko mundu ongi hornituak erakusten dira eta gertaera ezinezkoak eta sekretu misteriotsuak argitzen, suspense giroan, intriga eta tentsioarekin, protagonista eta haren lagunak sekretu eta enigmen atzetik dabiltzala. Komeni da argitzea hiru zenbakiko trilogia baten azkena dela eta, nahiz eta buruaskia den, besteen beharra duela testuingurua osoki ulertzeko.
Bilduma osoak hari kronologiko erraz bati heltzen dio, Warrenek hamabi urte dituenetik hamalau izan artekoa. Tarte horretan gertatzen dena irakurtzen dugu edo, bestela azalduta, hotelaren gidaritzan esku hartzen hasten denetik, Warrendar familia arriskuan jarri izan duten mehatxu behinenak konpondu arte.
Gidoiak egitura landua erakusten duenez —elkar lotutako pertsonaia, ekintza eta objektuekin eraikita dago—, gai da ziurtatzeko abentura batek eskatzen duen dinamismoa, non eta diskurtso mardul baten testuinguruan, pertsonaien ugaritasunean, sentimenduak eta harremanak erakusteko tartea hartzen denean, eta bizitzari buruzko hausnarketa eredugarrien falta ere ez dagoenean. Ez alferrik, Warren XIII.ak bisaia arraroa du, zapo itxurako buruarekin.
Hiru istorioetan askatu beharreko enigmak eta asmakizunak daude, aurkariekin sortzen diren aurrez aurrekoez gain, ginkana moduko batean antolatuta. Ohikoa da hau abentura istorioetan, zer esanik ez gaur egun.
Lan mardula da, ia zazpiehun orrialdekoa, hiru liburukitan emana. Lehenengoa hasten da iraganaren berri emanez, bereziki hotelari buruzkoak kontatzen. Kudeaketa txarrak gainbeherara eraman du hotela, eta Warrenek esku hartu beharko du sorgin bat hotelean «begi oroikuslearen» bila hasten denean. Misterio asko daude argitzeko, mutikoari eta hotelari dagozkienak; zeren, esaterako, kontakizunaren une batean hotelak ibiltzeko hankak dituela deskubritzen dute, Hayao Miyazaki anime zuzendariaren Gaztelu ibiltaria filmean bezala.Â
Bigarren zenbakian, hotelari sorginen menpe dagoen baso batean katramilatuko zaizkio hankak, Warren XIII.a eta haren bidaideak bertan dauden bitartean. Handik aurrera arazoa besterik ez dute ezagutuko, dena ardazten duen gako-arazoa askatzea lortzen duten arte. Eta, derradan, bigarren honetan Roald Dahlen Sorginak eleberritxoaren trazak daudela iruditu zait.
Hirugarren abentura itsasoan gertatzen da. Hotelak barku eginda amaitu zuen aurreko abentura, eta hala jarraitzen du, itsas zabalean, Warrenek hamahiru urte betetzen dituenean ere. Arazoak berehala hasiko dira, adiskide handia den Zirriborro olagarroa bahitzearekin batera. Familia mendeetan astindu duen «hamahiru urteen madarikazioa» konpontzen saiatuko dira, horretarako piraten zirkua abordatu behar badute ere. Nola ez, erreferentziak: oraingoan, One Piece manga bildumako zenbait ezaugarri ikusi nahi izan ditut.
Han goian egindako irakurketaren aipamenaren osagarri gisa, erants dezagun testuak ez duela ulermen mailako arazorik euskaldunarentzat, berri zein zahar, hiztun osoa baldin bada. Arranguraren bat izan baldin badut, kultur erreferentzia anglo-saxoien erabatekotasunari lotutakoa izan dut. Baina, tira, estetika gotiko nabarmenean kokatutako istorioek akaso zail dute halako presentzia hegemonikoa duen eraginari iskin egitea.