'INURRI BIDEAK'
Artista: Andrea Canepa. Non: Tabakaleran, Donostian. Noiz arte: 2026ko ekainaren 28ra arte.
Joan den asteburuan Donostiara joan nintzen txangoan unibertsitatean ezagututako lagunekin. Eskailera mekanikoetan gora eta pasabidea zeharkatuz, Tabakalerarantz abiatu ginen Andrea Caneparen (Lima, 1980) Inurri bideak bisitatzera. Erakusketara heltzerakoan, Facebookek elkarrekin ikasi genueneko Pariseko bidaia gogorarazi berri zidala kontatu nion ikaskide izandako lagun minari. Marra zuri-beltzez apaindutako kolometara igota irribarretsu egindako argazkia erakutsi nion. Duela hamar urteko irudi horri begira geunden «ezetz harrapatu!» entzun genuenean. Ahizparekin ezkutaketan ari zen neskato bat korrika igaro zen gure aurretik. Telefonotik aldendu genuen begirada.
Koloretako kordelekin, zintekin eta oihalekin egin genuen topo orduan. Era askotako forma abstraktuek inguratu gintuzten; horietako zenbaitzuk izaera arkitektonikodunak ziren. Koloreei dagokienez, biziak, deigarriak eta alaiak ziren, Instagramen maiz agertzen zaidan «dopaminaren estetika» horretakoa. Kontzeptu horrekin deskribatu ohi da tonalitate erakargarri eta forma bizigarrien erabilera. Gaur egun gainestimulatuta gauden heinean, gure arreta mantentzeko horrelako bultzadak behar ditugula dakite, akaso, bai algoritmoak, bai eta Canepak ere.
Ikus-esperientziaren aldetik biziki kitzikagarria den arren, ikusmena ez da erakusketak pizten duen zentzumen bakarra. Nolabait, ikustetik akziora pasatzeko proposamena egiten digu. Artistari jarraikiz, partitura gisa uler ditzakegu formak. Are gehiago, gorputz partiturak direla esan dezakegu, forma eta material ugariek gorputza era desberdinetan mugitzera animatzen gaituztelako. Esaterako, ur-jauzien antzeko hari-ilara amaigabeak besoa luzatzeko deia egiten digu, hura hatz-mamiekin sentitzeko; pasarela koloretsuek ere, antzera, belauna altxatu eta ibiltokira igotzeko irrika sortzen dute.
Arte plastikoen eta gorputzaren arteko harremanaren inguruan luze hausnartu du Andrea Canepak. Duela urte batzuk, Until it Lives in the Muscle (2017) lanean adibidez, gorputza ikusmenetik abiatuta aktibatzeko lanak sortu zituen, eta gonbidatutako dantzariek forma geometrikoek gordetzen zituzten kodeak gorputzaren bitartez deszifratu zituzten. Donostiako erakusketari dagokionez, umeak bihurtu dira jolasaren bitartez dantzari. Hain zuzen ere, hori da Situ-akzioak proiektuaren muina, Tabakalerako programa honek arte garaikidea eskola testuingurura ekartzea baitu helburu. Hori dela eta, Canepa eskola eta familiekin aritu da tailerren bitartez elkarlanean, umeek forma eta koloreekin elkarreraginean eginiko mugimenduak aztertzen.
Programa artistikoaren beste ezaugarrietako bat da erakusketa espazio zehatz baterako sortzen dela. Hala ere, espazio hau beste kubo zuri bat dela esan daiteke, gainontzekoetatik zaila bereizten. Hortaz, artelan berria izan arren, ez dut oso argi espazioaren ezaugarriek zer-nolako harreman berezia duten lanarekin; erraz eraman genezakeelako han erakutsitakoa beste areto batera. Hala ere, onartu beharra daukat gela zuri mantendu izana koherentea iruditu zitzaidala kasu honetan, hormen soiltasun horrek forma abstraktuak mihise erraldoi batean kokatzen dituelako; Anne Truitt artistak bere garaian landutako hiru dimentsiotako pinturaren ideia gogorarazten du, nolabait.
Aitzitik, pintura eta eskulturatik haratago doa sortzaile perutarrarena, usain desberdinak txertatu baititu erakusketan. Inurri bideak izenburuaren isla dira lurrin horiek. Inurriek arrasto kimikoak erabiltzen dituzte bide desberdinetan zehar orientatzeko, eta erakusketakoek horien irudikapen izan nahi dute, norberak hautatutako bidearen parte bilakatuz. Artistak berak dioenez, estreinakoz txertatu du zentzumen hau. Hala ere, guk, bertaratu ginenean, ez genuen ia sumatu; beste egun batean bueltatu beharko gara.
Aldiz, antzeman eta batik bat disfrutatu genuen zentzumena ukimenarena izan zen. Artistak bereziki landutako arloa da hau, nabarmen igartzen den ibilbidea. Elementuek eskaintzen dituzten ehundura eta akabera aberatsak bizipen estetikoaren ezinbesteko parte bilakatzen dira erakusketa honetan, kolore eta formak ikusteaz gain, horiek sentitzeko aukera ematen duelako jolasteko baimenak.
Erakusketa egon bitartean familientzako dinamizazio-saioak eskainiko dituztela irakurri genuen ateratzean; alabaina, ez ote litzateke beharrezkoagoa helduei zuzendutakoak antolatzea? Erakusketa tradizionaletan ikasitako jarrerak desikasteko premia handiagoa dugu ezkutaketan aspaldian jolastu ez garenok.Â