Artea

Zentzumenek ardaztutako jolas areto bat Tabakaleran

'Inurri bideak' erakusketa ondu du Andrea Canepa artistak, Donostiako Tabakaleraren 'Situ-akzioak' proiektuaren barruan. Inurrien komunikatzeko modua ardatz hartu, eta haurrak eta familiak jolasteko gune bat sortu du.

Andrea Canepa, 'Inurri bideak' erakusketan, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
Andrea Canepa, 'Inurri bideak' erakusketan, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko apirilaren 15a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nola eragiten du espazioak gugan?», galdera hori darabil buruan Andrea Canepa artistak. «Mugitzen garen inguruneak gure mugimenduak gidatzen ditu, bai eta gure interakzioak ere», hausnartu du, eta ondorio bat atera: «Espazioa, askotan, partitura baten gisan uler daiteke. Baldintzatu egiten gaitu mugitzeko orduan, modu batera edo bestera; gu jabetu ere egin gabe, gainera». Eta partitura horiek ulertzeko modu bat da, haren ustez, zentzumenak erabiltzea. Hortik abiatuta sortu du Inurri bideak erakusketa; Tabakaleren Situ-akzioak proiektuaren barruan egin du, eta bigarren erakusketa aretoan dago ikusgai, ekainaren 28ra bitarte.

Izenburuak berak dioen bezala, inurriek egiten dituztenen moduko bide bat irudikatu nahi izan du artistak erakusketan, haien «erlazionatzeko, komunikatzeko eta mugitzeko modua» erabili ditu, alegia. Horretarako, zentzumenez baliatu da, batez ere usaimenaz. Ikusmenarekin eta ukimenarekin lan egin du orain arte, baina oraingoan, berrikuntzaren bat egin nahi zuela eta, usaimena txertatu du. «Familiengan eta umeengan pentsatuta sortutako erakusketa bat denez, interesgarria iruditzen zitzaidan inurrien komunikatzeko modua transmititzea: usaina uzten dute. Horri esker, badakite non dauden behar dituzten baliabideak». 

«Batzuk lekuz kanpo sentitzen dira museoetan, ezin baitute ezer ukitu. Nik, ordea, kontrakoa proposatzen dut: gauzak ukitu ditzakete, eta elementu guztiekin jolas egin»

ANDREA CANEPA Artista

Hainbat bide eta ibilbide proposatzen ditu erakusketak. Canepak azaldu duenez, gelan sartu bezain pronto bisitariak sentituko du bide horiek guztiek bat egiten dutela. «Aretoan sartu orduko bisitariak zera esatea nahi nuen: 'Nondik hasiko naiz? Dena ukitu nahi dut!'». Ez dago hasierarik, ezta jarraitu beharreko ordenarik ere, jendea «ezkutatu, makurtu eta hormetara igo» dadin nahi baitu artistak. «Batzuk lekuz kanpo sentitzen dira museoetan, ezin baitute ezer ukitu. Nik, ordea, kontrakoa proposatzen dut: gauzak ukitu ditzakete, eta elementu guztiekin jolas egin». 

Andrea Caneparen 'Inurri bideak' erakusketaren zati bat. GORKA RUBIO / FOKU
Andrea Caneparen 'Inurri bideak' erakusketaren zati bat. GORKA RUBIO / FOKU

Hainbat kolore eta materialek osatzen dute sorkuntza, baina badago elementu nagusi bat: litsezko gortinak. Esanahi berezi bat dute Caneparentzat, eta horrela azaldu du: «Perun, nire herrialdean, zuntza eta ehuna oso garrantzitsuak dira, eta hariekin egindako korapilo sistema baten bitartez komunikatzen gara». Atsegin du gortinek sortzen duten «efektua», eta jada jaso ditu horren inguruko hainbat iritzi: «Ez nuen sekula pentsatua, baina batek esan dit ur jauzi baten itxura dutela. Egia esan, bat nator harekin».

Usaimena ardatz

Erakusketa aretora sartu eta eskuinera joanez gero, menda usaina da nagusi. Erdialdera joan, eta fruitu gorrien usaina nabaritzen da; ezkerraldean, berriz, txokolatearen eta banillaren arteko nahasketa bat. Lehen kolpean ez dira askorik nabaritzen, baina, sakon arnastuz gero, bisitaria ohartuko da barruraino sartzen diren usain gozo horietakoak direla. 

Batzuek agian galdetuko dute ea nola den posible usainak iraunkorrak izatea, eta, areto berean egonda, nolatan ez diren bata bestearekin nahasten. Bada, artistak zalantzak argitu ditu: «Esentzia olioak jartzea pentsatu nuen hasiera-hasieran, baina areto guztian zabaltzeko ziren, eta ez gune jakin baterako soilik. Bilaketa bat egin nuen, eta usaimenaren marketinean espezializatutako enpresa bat topatu. Aitortu beharra daukat ez nekiela horrelakorik bazenik ere». Hortaz, kortxo zati batzuk zintzilikatu ditu aretoko hiru gunetan, eta hala, bide batetik edo bestetik ibiltzean, menda, fruta edota txokolate usaina atzemango du bisitariak.

Sorkuntza prozesuaren parte izan da usaimena lantzea, eta adierazi du umeen bitartez egin duela: «Hainbat tailer egin nituen ikastetxeekin; probatuz eta huts eginez lan egin dut». Aitortu du hasieran ideia finko bat zuela buruan, baina umeekin lan egitean erabat nahastu zitzaizkiola gauzak: «Artista naiz, eta ideia oso kontzeptualekin joan nintzen 5 urteko haurrengana. Logikoa den bezala, tailerra ez zen nik nahi bezala atera». Lehenengo tailerra «kaos hutsa» izan arren, bigarrenera ideiak argituta joan zen, kontatu duenez. Usainekin «esperimentatu» nahi izan du Canepak, eta adierazi du jakin-mina duela ikusteko ea haurrek antzematen ote dituzten hautatutako usainak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA