KRITIKA. Antzerkia

Ezinaren maitalea

Agus Perez.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun

'Anton Abbadia'



Ekoizpena: Loraldia. Jatorrizko testua: Patxo Telleria. Zuzendaria: Oier Guillan. Musikariak: Michel Ducau, Xabi Zeberio, Alaia Phillips. Antzezlea: Txomin Hegi. Lekua: Hendaiako Mendi Zolan aretoa. Eguna: apirilak 19.

Hogeita batgarren mendean berreskuratu zen Bilboko Arriaga antzokian XIX. mendeko lore jokoen ohitura, Loraldia izenarekin, eta hasierako ekitaldia Anton Abbadiaren figura erraldoiari eskaini zioten, beste gauza askoren artean bera izan baitzen Bizkaitik Zuberoaraino lore jokoen moda euskararen eremura ekarri zuena.

Orduko hartan, Ezinaren ederra deitu nion iruzkinari, Patxo Telleriaren testuan bereziki nabarmentzen zelako berarengan gauza ezinezko asko suertatu zirela: ama irlandar eta aita euskaldun baten seme izatea —inude zuberotar batengandik jaso zuen euskara—, Brasilen Eguzkiaren eragin magnetikoa ikertzea, Etiopiako lehen mapa egitea edo Niloko iturrietako bat deskubritzea.

Hara non, ordea, halako batean Txomin Hegi lapurtarrakBaionako Chimeres antzerki konpainiaren arima euskalduna berriro ekarri digun orduko antzezlan hura, betiere Loraldiaren babesarekin baina beste planteamendu batekin eta bere adierazpen moldeetara zalantzarik gabe lerratuta.

Hasteko eta behin, ikusteko modukoa izan da Mendi Zolan aretoa nola bete den proposamena ikusteko gogoz zeuden mugaren alde bietako ikusleez. Era askotako objektuez hornituta agertu da ezker aldean zegoen mahaia —liburu zaharrak, esne botila, koñak botila, kafea, ordenagailu bat, edalontziak eta kikara...—, eta haien artean, munduaren esfera argiduna nabarmendu da, Abbadiaren jakin-min globala irudikatuz. Likido guztietatik edan du antzezleak une batean edo bestean, bere pertsonaiaren ezagupen egarri paregabea bere eginez, eta munduan zehar egindako ikerketa bidaiak aletu ahala, eszenako beste aldean zeuden hiru musikariek finezia handiz girotu dituzte Irlandari, Euskal Herriari, Brasili, Etiopiari eta Parisi zegozkien lurrinak. Haien maila irudikatzeko, nahikoa da esatea nor eta Michel Ducau aritu dela gitarran, Xabi Zeberio arduratu dela biolinaz, nyckelharpa biolin suediarraz eta kalinbaz, eta Alaia Phillipsen ahots tenperatutik entzun ditugula gaelikozko zein euskarazko abesti ederrak.

Oier Guillanen zuzendaritza diskretu baina eraginkorraren pean, Hegik ez du bazterrean utzi Chimeresen altzoan landutako antzezpen altxor ikaragarria, eta alde horretatik, erregistro askoren jabe ikusi dugu, eroso, eta esku artean zeukan opari eszenikoaz gozatzen, orain jostagarri, orain sakon, baina beti neurrian, jakitun izanik gehiegi emateak dena hondatzea ekar lezakeela eta oreka puntuan egoten jakitea handitasunaren ikur preziatua dela.

Ikusleek —nerabeak, helduak eta adinekoek izanik ere— begirunezko isiltasunean paratu dute beren arreta osoa, haietariko bakoitzak jakingo balu bezala pribilegiozko zeremonia batean zegoela, eta txaloen orduan berotasuna nagusitu da artistekiko, hurbiltasunarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.