Musika

Folklorea distirarazi

2023ko abenduaren 3a
05:30
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Juanjo Mena.

Pianoa: Alfonso Gomez.

Mezzosopranoa: Clara Mouriz.

Egitaraua: G. Pierneren Ramuntcho obertura, M. Ravelen Pianorako eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean eta M. de Fallaren Hiru puntako kapela.

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.

Eguna: Azaroak 27.

Euskadiko Orkestraren esku-programa zorrotzean Mikel Chamizok zioenez, obren aukeraketari zein interpreteei erreparatuz, asteleheneko kontzertua denboraldiko euskaldunena izan zen. Gabriel Pierneren Ramuntcho-ren musika intzidentalaren oberturatik hasita, kontzertu guztia tradizioarekin bat egiten laguntzen diguten doinuez blaitua egon zen. Lehen pieza honetan gainerako obretan nagusituko ziren kolore bizi eta dinamika oparoak hautematen hasi ziren orkestran.

Hala, distira gailendu zen Maurice Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua-n, konpositore lapurtarrak orkestraziorako bere gaitasuna koroatzen duen horretan. Lehen zartadak hasiera ematen duenetik, erritmo biziz eta kontrastez jositako pieza da; harien sinkopetan etenik gabe aurrera, errealitatea eta ametsa nahasi egiten direla dirudi. Euskadiko Orkestrako kideek, bereziki zurezko haizeek eta hariek, lan itzela egin zuten giro hori sortzen. Bestalde, Alfonso Gomez errepertorio hau interpretatzeko bikaina dela argi geratu zen behin eta berriro, Allegramente-aren erritmo jostalarietatik eta bortitzetatik Adagio assai irekitzen duen gai bakarti eta malenkoniatsura, pedalaren joko paregabean. Birtuosismoaren erakusgarri den Presto-an, haizeek berebiziko uneak eskaini zituzten, Menaren gidaritza zuzenaren fruitua. Bis gisa, Gomezek Manuel de Fallaren Danza ritual del fuego hunkigarria opari zigun, bigarren zatiaren hitzaurre ezin hobea.

Hala, bigarren zatian Hiru puntako kapela eskaini zuten, «olé» indartsuekin hasi eta dantza giro askotarikoetan murgiltzen den balleta. Espainiako erritmo eta baliabide klasikoak nonahi, Euskadiko Orkestrak eta Menak osatzen duten binomioak interpretazio zirraragarria eman zuen emaitza gisa. Instrumentu familien arteko oreka bikaina izan zen, eta Mahatsak zatian haizeek egundoko parte-hartzea izan zuten. Clara Mouriz ondo, farruca ederra entzun zen besaulkietatik, fagotak orbanik gabe itxi zuena. Azken Jota-n orkestrak gailurrera eraman zituen kontzertuan zehar zabaldutako aparteko elementuak. Oinak astintzea baino ez zen falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.