Kritika. Musika

Gauean, kolore apalak

Marta Garcia
2026ko maiatzaren 24a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

euskadiko orkestra

Zuzendaria: François Lopez-Ferrer. Abeslariak: Elena Sancho-Pereg (sopranoa) eta Marife Nogales (mezzosopranoa). Abesbatza: Vocalia Taldea. Egitaraua: C. Bernaolaren Abestiak, C. Sain-Saensen Gaua eta F. Mendelssohnen Uda gau bateko ametsa. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: maiatzaren 22a.

Tokiko ahotsak bilduz, gauaren soinuak, koloreak eta giroak iradokitzeko programa ondu du Euskadiko Orkestrak bere denboraldiko azken-aurreko programan. Atariko gisa, baina, Carmelo Bernaola otxandiarraren Abestiak obra izan zen, 1989ko Musika Hamabostaldian estreinakoz interpretatua. Konpositore aldeaniztuna izan zen Bernaola, eskatzen zioten oro teknika finez lantzen zuen horietakoa, izan pieza sinfonikoak zein telesailetarako melodiak. Bere katalogoan, hala, obra abangoardista eta esperimentalak, kontzertuak eta Verano azul edo Athletic Bilboko ereserkia bezalako melodia gogoangarriak aurki daitezke. Abestiak lehen multzoan kokatu behar da: Juan de Antxietaren melodia zaharrak hartu eta orkestraren ehunduretan txertatzen ditu, betiere ikuspegi eta trataera garaikide batetik. Ostiraleko interpretazioak modu argi eta koloretsuan azaleratu zituen obra zeharkatzen duten idazkera aldaketak, erritmo zorrotzak eta pasarte trinkoak.

Gauaren gaiari ekiteko, Camille Saint-Saensen Gaua pieza ezaguna izan zen lehenik, hamar minutu eskasetan bere irudimen musikalaren berri eman eta musika frantsesaren eraberritzean funtsezkoa izan zen iruditeria harmonikoa zabaltzen duena. Vocalia Taldeko ahotsek hasieratik eraiki zuten obra honi darion kontenplaziozko giroa, orkestraren kolore apalarekin bat eginez eta Sancho-Peregen tinbre garbi eta borobilari behar zuen sostengua emanez. Felix Mendelssohnen Uda gau bateko ametsa balletean agertu zitzaigun, haatik, gauaren aniztasuna. Ez dago argi zein irizpide jarraitu den interpretatutako aukeraketan, baina nahikoa izan zen obraren zerizana ulertu eta gozatzeko, batez ere orkestraren inplikazio eta jardun nabarmenari esker. Ondo xehatu zen Abesbatzarekin abestia, fina suertatu zen harien eta klarinetearen hartu-emana Arloteen dantza zatian, eta distiratsua Ezkontza Martxa ezaguna. Bazen, hala ere, zer edo zer gatzgabe, behar bezala egosita ere. Errepertorioagatik akaso, makal samar geratu zen gaueko zirrarak ekarri behar zigun hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA