Kritika. Literatura

Gaurdaino datozen egun haiek

Askatasun haizeak
Irati Majuelo.
2025eko irailaren 28a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Askatasun haizea'

Idazlea: Javier Buces. Itzultzailea: Markel Lizasoain. Argitaletxea: Txalaparta.

Irailaren 27ko goiz-alban erail zituzten Juan Paredes, Txiki, eta Angel Otaegi etakideak. Orduan fusilatu zituzten, halaber, FRAPeko hiru kide. Frankismoan baimendutako azken heriotza-zigorrak izan ziren, diktadorea bera hil hurren zegoela. Aro baten amaiera ezar zezaketen, baina ez zen hala izan. Frankismoaren kontrako erresistentziaren ikur gisara heldu dira guganaino.

50 urte igaro dira ordutik eta, urteurrenaren harira, ez dira gutxi izan omenaldiak, irakurketak, gutxiespenak, polemikak. Sarri, gaurko gatazkei justifikazioak bilatzeko erabiltzen da, egun, historia. Inertzia horretatik ihesi, Askatasun haizea saiakeran, gure herriko historia garaikidea norabidetu zuten egun horiek aletzen, ulertzen, transmititzen ahalegintzen da Javier Buces historialaria. 

Historia gertakari hutsen segidatik aldentzen du, eta bilakatzen du joan-etorri ugari eta konplexuen bilbe trinko bat. Txiki eta Otaegiren hilketaren hondoan agertzen dira, hala, bi gazteen familien historia eta senideen mina, diktadurak Euskal Herrian eragindako itolarria, askatasun egarriz zen belaunaldi bat, nazioartetik heltzen ziren harridura zein elkartasun keinuak eta hilketak gogoratzen dituzten kantuak. Hori dena, egun gutxitan kondentsatuta. Mami handiko liburua da, hainbatetan katramilatsua, izen, data eta datuetan galtzeko arriskua duena. Hala ere, aldiro azaleratzen da historialariaren gertuko ahotsa, irakurlea gidatzeko asmoz.

Ildo horretan, hasieratik jartzen du agerian idazleak bere asmoa; ez du ahots zuri, neutro, zipriztinik gabekoa izan nahi. Saiakera honetan bada, honenbestez, artxibo lan handi bat, ikerketa historikoa oinarritzen duten dokumentazio eta interpretazio jardun nabarmena, baina badago, orobat, injustizia bati aurre egiteko grina argia: errepresio frankistako eta trantsizioko biktimek jaso duten bigarren mailako biktima tratua salatzea, hain zuzen ere. Bucesek berak dioenez, kontakizuna desitxuratzen baita: «[...] halako maneran non biktimaren errepresaliatu izaera ere urardotzen baitute borrero bihurtzeraino. Aldiz diktadura erregimenari errua kentzen diote edo defentsa legitimorako eskubidea ematen».

Katramila politikoaren erdian ikusi du argia lan honek halabeharrez. Iraganari argi egin nahi dionak, hemen du tresna bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.