Kritika. Antzerkia

Gaurkoaren berdin-berdina

Agus Perez.
2026ko azaroaren 3a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘Panorama desde el puente’

Arthur Milerren obra bat ikustea beti merezi du, haren testu dramatikoen kalitatea eta ezaugarriak direla eta. Estatubatuar egilea (New York, 1915 - Roxbury, Connecticut, 2005) oso lerratuta ibili zen bere garaiko pentsamendu ezkertiarrarekin, are gehiago kontuan hartuta inperioaren bihotzean jaio eta han bizi izan zela. Sorgin ehizaren biktima izan zen, nola ez, eta bere antzezlanetan maisuki uztartu zituen amerikar ametsaren —hau da, gizarte kapitalistaren— arazoak eta giza kondizioa, betiere dramaren hariak trebetasun handiz maneiatuz.

Kurioski, egunotan ere egon da ikusgai Gasteizen El largo viaje hacia la noche, Eugene O’Neillena kasu honetan, eta bitxia deritzot bategite horri neure iruditerian, O’Neillek (New York, 1888 - Boston, 1953), ia mende erdi bat aurrerago bizi arren, ezaugarri batzuk partekatzen dituelako Millerrekin, batez ere pertsonaien sakontasunari eta giza gatazken dentsitateari dagokienez. Arazo teknikoak direla medio, galdu egin dut Gasteizko emanaldia, baina polita izan zitekeen bi lanen arteko alderaketa egin izana.

Millerren obra honetan portuko behargin batek bere iloba gaztearekiko duen obsesio ustez babesle baina egiatan posesiboak ezin hobeto irudikatzen ditu gizonkeria klasikoaren ezaugarriak eta horren inguruan sortutako zurrunbilo emozionala. Gizona, bere emaztea eta bien iloba dira protagonista nagusiak, baina gatazkaren txinparta Italiatik etorritako bi senide papergabeen etorrerak piztuko du, eta horren kontura azaleratuko dira osabaren aurrejuzgu guztiak, gaur egungoak bezalakoak direnak, berdin-berdinak etorkinen, etxegabeen, homosexualitatearen eta ditxosozko ohore pozoituari begira.

Iragarritako tragedia baten kronika ere dei zitekeen oraingo iruzkin hau, baina nahiago izan dut goikoa, zinez deigarria egin zaidalako 1955eko ideia toxikoen eta gaurkoen artean dagoen berdintasuna. Izan ere, auzi baten inguruan bete-betean asmatzen baduzu, zure ikuspegiak berdin balioko du berrogeita hamar edo ehun urte barru. Azken finean, Einsteinek berak esan zuen: «Uste dut bakarrik bi gauza direla infinituak: unibertsoa eta giza lelokeria; baina lehendabizikoaz ez nago seguru».

Millerren maisulana taularatzeko, eremu eszeniko erdi naturalista erdi eskematikoa prestatu da, eta ondo irudikatu ditu kalea, etxea eta abokatuaren bulegoa. Girotzea argi eta proiekzio diskretuekin osatu da, azken horiek nahiko traketsak izan diren arren, soinu-giroa egokia baina apalegia suertatu da ene irudiko, eta antzezpenak ere diskretuak izan dira, distirarik gabeak, testuaren mailak eskatzen zuen kemenetik urrun, oso urrun.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA