Kritika. Musika

Gazte eta musika arruntak

Marta Garcia
2025eko uztailaren 18a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EUSKAL HERRIKO GAZTE ORKESTRA (EGO)

Zuzendari gonbidatua: Diego Martin-Etxebarria. Egitaraua: A. Coplanden Fanfarria gizon arruntarentzat, J. Esnaolaren Luur eta D. Xostakovitxen 5. sinfonia. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: uztailaren 15a.

1942ko udan, Eugene Goossensek, Cincinnatiko Orkestra Sinfonikoko zuzendariak, ideia bat martxan jartzeko asmoz idatzi zion Aaron Coplandi: kontzertu bakoitzaren hasieran AEBetako konpositoreen fanfarriak eskaintzea, herrialdeak Bigarren Mundu Gerran egindako ahaleginak omentzeko. Ideal edo gizon handiei eskaini beharrean, gizon arruntari eskaini zion Coplandek berea, gudu zelaitik kanpo ere borroka egiten dutenei. Izenburuarekin liluratuta, martxorako programatu zuen Goossensek, eta Coplandek gehitu zuen bikaina iruditzen zitzaiola «gizon arruntari zerga garaian ohore egitea». EGOko metalek ere ohore egin zioten partiturari, antzokiko akustika opakua gainditu eta palkoetatik soinu trinkoa hedatuz.

Segidan, Jon Esnaolaren Luur eman zuten lehen aldiz, aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria jaso ondoren. Konpositoreak ahoz azaldutakoari jarraituz, Nestor Basterretxearen obran (Argizagi ederra melodia han eta hemen), lurrarekiko loturan eta ikerketa etnomusikologikoan ernetzen da pieza, lur metalezko instrumentu eskandinaviarra gogoraraziz; guztia, antza, funts ekologistaren gainean eraikia. Justifikazioak alde batean utziz, emaitza musikala sendoa izan zen: teknika hedatuak zein orkestraren sonoritatea sen onez erabiltzen ditu Esnaolak, eta EGOko kideek jarrera eta jardun paregabeaz erantzun zioten obra bat estreinatzeko erronkari.

Dmitri Xostakovitxen 5. sinfoniak, aldiz, sentsazio gazi-gozoa utzi zuen, ez obraren inguruan dagoen ironia eta seriotasun jolasak sortu lezakeen ezinegonagatik, baizik eta horri behar bezala heltzeko indar ezagatik. Oro har, elkarri entzunez jotzen ez zutelako sentipena izan nuen. Izan ere, bakarkako parte-hartzeetan fin aritu ziren (klarinetea, oboea, fagota, flauta, biolina), baina doitasun eta zehaztasun falta zerien, adibidez, harien pasarteei, batez ere Moderato eta Largo-an. Mugimendu bikoitiak, biziagoak izaki, erosoago eta zabalago garatu zituzten musikariek eta batutak. Ez zen kontzertu aparteko bat izan, eta horregatik zuen berebiziko garrantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.