'Bihotzean napalma'
Idazlea: Pol Guasch. Itzultzailea: Ibai Sarasua Garcia. Argitaletxea: Txalaparta.
Sutan basoa, etxea, bihotza. Ke artean iragana, errauts hutsetan oraina. Den-dena geldi eta lehertzear aldi berean. Halaxe sentitzen du Bihotzean napalma liburuko protagonistak Pol Guasch idazle eta filosofo katalanaren lehen eleberrian. Pandemia ostean argitaratutako lan distopiko ezaguna euskaraz irakurtzeko aukera dugu orain, Txalaparta argitaletxearen eskutik.
Egitura zatikatua duen kontakizun bat da, joan-etorri ugarikoa. Hala, iraganera egindako jauzien eta plano aldaketen bidez zein Borisi idatzitako gutunen bidez, istorioa gutxinaka eraikitzen da. Izan ere, informazioa ez da hasieratik ematen, testuingurua ez dago argi, espazioa eta denbora ez dira zehazten. Gerra, okupazio, kolonizazio baten arrastoak igar daitezke, abandonatutako lurrak eta ihesean joan direnen hutsuneak, geratu direnen isiltasuna. Are gehiago, protagonista egoeraz jabetu ahala eraikitzen du irakurleak irakurtzen ari denaren oinarri minimo bat, eta aurrera egin ahala deskubritzen ditu hasieran susma zitzakeenak eta espero ere ez zituenak.Â
Elipsiek, hasieran traba egin arren, indar handia dute, esan gabeko horretan biltzen baita tentsioa sarri. Zehaztugabetasunarekin jolasten da Guasch, ez deskribapenik ez dagoelako, luze eta aberats jardun baitezake basoko koloreen inguruan, esaterako, baizik eta gertatzen ari dena edo gakoa den elementu hori anbiguotasunez edo isiltasunak inguratuta azaltzen duelako. Ondorioz, irakurleak ez du beti ulertzen eta literatura den zera horri eskaini behar dio bere burua: guztia ez ulertzeko aukera ederrari.
Testuan aurrera egitera bultzatzen baitute, ostera, Guaschen idazkera poetikoak zein protagonistaren zauri ezaguterrazek. Pertsona eta harreman oro hautsita dagoen lekuan sortzen duen giro hauskorrean, denbora pausatu egiten da, errepikatu, oroimenaren erritmoan. Hain justu, protagonistaren obsesioetako bat da memoria atxiki ezina, eta kontakizun guztia bilakatzen da horren saiakera bat. Badaude, halaber, hizkuntzaren inguruko gogoeta interesgarriak: «Eta ahul-ahul, beste behin, nire taupada: nire hizkuntza txikia, birrindurik, etxetik hain urrun hitz egiten dela deskubritzea; ez ulertzea nola atera diren bizirik haiek, hizkuntza hori inork egiten ez duen lekuan; hitz egiten badute inor ez diren tokian».
Laburbilduz, edertasuna eta mina, patrikan sartzeko moduko memoria, auto bat eta bi maitale, napalma bihotzean.