‘Atra bilis’
Latinez, bilis beltza esan nahi du atra bilis adierazpenak, eta badirudi Antzinarotik erabiltzen zela gorpuei zerien umoreen kolorea izendatzeko. Gaur egun, aldarte erretxinduari egiten dio erreferentzia, eta horretan oinarritu zen Laila Ripoll egile eta zuzendari katalana izen bereko maisulana sortzeko. 2002an ikusi genuen lan hura Eibarko Antzerki Jardunaldietan, eta bertako Coliseo antzokian izan dugu berriro obra mitiko hartaz gozatzeko parada.
Oharra: orduko hartan Gorpua bertan dela bataiatu nuen kritika, baina oraingoan ez zait izenburu egokiagorik bururatu, eta berbera baliatu dut, betiere orduko egilearen baimen adeitsuarekin. Hala ere, garbi utzi nahi dut, tentazioa gainditu eta testu berri bat idatzi dudala BERRIArako.
Gorpua ikusten ez badugu ere, etxeko gizona hilkutxan dago emanaldi osoan zehar, eta haren beilan dauden lau emakumeek daukate ustezko protagonismoa, egiatan zenduari dagokion arren, Ripollen joko dramatiko eredugarriari esker. Hain zuzen ere, bizirik zegoenean hartutako rolak eta jarrerak eragin handikoak izan ziren lau emakumeengan —oraingo alargun despota, haren menpeko bi ahizpak eta etxearen gobernanta—, eta laurei ailegatu zaie aspaldiko trapu zikinak garbitzeko ordua.Â
Azaletik hartuta, begien bistako paralelismoa ezarri daiteke egoera horren eta Lorcaren La casa de Bernarda Alba-ren artean, are gehiago kontuan izanda bietan biratzen direla etxe zarratuko emakumeak inoiz ikusiko ez dugun gizon baten inguruan. Hala ere, beste gauza bat da Atra Bilis hau, eta ikusleak sano disfrutatuko du pertsonaien izaera ozpinduaren irudikapenaz, hizkera ezin zakarragoarekin gauzatzen dena, eta burutik egindako ahizparen portaera artegagarriaz. Inoiz ez dugu jakingo nondik ote datorkion nahasmendu larri hori, baina pista batzuk emango dizkigu bere noizbehinkako argialdietan. Genero beltzean bezala, apurka-apurka joango da ikuslea ilunaren putzua argitzen, eta beharbada ez du den-dena ere argituko.Â
Bitartean, Ripollen testuan eta dramaturgian umore handiko txinpartak agertzen dira hortik eta handik, betiere lau protagonisten jokaera groteskoetatik abiatuta, eta argumentua ere sorpresaz josita dago, ezusteko amaiera tragikora heldu arte. Alde horretatik, gogoratzeko modukoa da gobernanta esklabotuak amaiera aldera dioskun askapen-diskurtso aldarrikatzailea.
Eremu eszeniko lagungarrian, distiratsu jardun dute laurek —2002ko bertsioan lau gizonezkok jokatu zituzten haien rolak—, eta egunotan ikusitako beste antzezlan batez hizketan geundela —antzezleak mikrofonoekin zebiltzan— zera esan digu Sandro Cordero zuzendari asturiarrak: «Mikrofonoekin jarduteak antzezpenaren kemen guztia indargabetzen du».