'13 # 14'
Konpainia: Tao Dance Theater. Koreografia: Tao Ye. Zuzendaritza artistikoa: Tao Ye, Duan Ni. Musika: Xiao He. Argiak: Tao Ye. Jantziak: Duan Ni. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Irailak 26.
Ikusmin handian bilduta etorri da Bilbora Tao Dance Theater txinatar konpainia, zantzu askoren arabera Pekingo bere sorterritik zerbait aratz eta berritzailea ekarriko zigulakoan. Eta hala izan da, Tao Ye koreografo handiaren proposamen biek dantzaren beste planteamendu bat erakutsi baitigute.
13 deitu da haietariko bat, eta 14 bestea, biak ala biak Segida numerikoa izeneko bildumaren parte direnak. Tao Yeren aburuz, «dantza arte formarik jasoena da, hartan baliatzen dugun materia gu geu garelako». Ideia horretatik abiatuta, kontu funtsezkoenen bila ibili dira Tao Ye eta Duan Ni konpainiako gidariak, gutxiago gehiago delako ideian sendo sakonduta eta bai musikan bai jantzietan eta argietan erabateko sinpletasuna praktikatuz.
13 izeneko lehen atalean hamahiru dantzari agertu dira eszenan giza multzo trinko bat osatuz eta ikusleei bizkarra emanez. Xiao He-ren piano musika minimalistak girotu du ordu erdiko proposamena, bariazio gutxirekin, tonu abstraktu nabarmenarekin eta azkeneko in crescendo diskretu batekin. Taldea, bitartean, era geldoan desplazatu da agertokian zehar, banako partaideak elkarrengandik zertxobait urruntzen zirela eta bakoitzak beraren ardatzaren inguruko bira geldoak eginez taldearen kide izatearen sentsazioa inoiz apurtu gabe.
Beren eboluzioetan batzuk lurrera erori eta besteek zutik jarraitzen zuten; batzuek jauzi egiten zuten besteen gorputzera, haien sorbalden gainean zutik jarrita edo besarkada horizontalean eutsita; batzuek mespretxuz tratatzen zituzten behera eroriak eta azken haiek bat-bateko jauzi bertikalak burutzen zituzten. Dena patxada handiz, dena inolako efektismorik gabe, estoizismo betean murgilduta, eta horrela eratu dute gizartearen parabola lehorra, beren itxura tradizional eta ia kolorerik gabeko trajeekin jantzita.
Bigarren atalean —14 deiturikoan— kolorea izan da nagusi, betiere Ekialde Urruneko jantzi tradizional gaurkotuen diseinuan, eta oraingo hamalau dantzariek lerro diagonal aldaezinetan jardun dute. Lerroen banaketa, ezkerretik hasita, bat, hiru, lau, lau eta bi dantzaritakoa izan da, eta haietariko bakoitza beti besteekiko distantzia eta leku berean kokatu da.
Metronomo indartsu baten hotsa izan da pieza honetako soinu bakarra, eta dantzariek taldean eta paraleloan sinkronizatu dituzte beren desplazamenduak eta akrobaziak, gorputzeko mugimendu sigi-sagatsuak eta noizbehinkako geldialdi kolektiboak tartekatuz. Pultsu nekaezinaren gidaritzapean, hipnotikoa bezain liluragarria egin zaigu ordu erdiko ariketa gimnastiko-poetikoa, eta indarberrituta irten gara antzokitik, goi mailako esperientzia estetiko honetan murgildu ostean.