Kritika. Dantza

Herioren ilunean

'La mort i la primavera' obraren irudi bat. SILVIA POCH
'La mort i la primavera' obraren irudi bat. SILVIA POCH
Agus Perez.
2026ko urriaren 13a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘La mort i la primavera’

Merce Rodoreda (Bartzelona, 1908 - Girona, 1983) katalan idazle handienekotzat jotzen da, eta gurean ezaguna da La plaça del diamant eleberri eta izen bereko filmagatik. Horrekin batera, nik haren Jardí vora el mar eleberri fin eta malenkoniatsua gomendatzen dizuet, baina hemen aitortzen dut ez nuela ezagutzen orain La Veronal konpainiak ekarri digun La mort i la primavera.

Liburuaren historiak beste liburu baterako materia nahikoa dauka, egileak frankisten eta naziengandik ihes egin ostean idatzi zuelako 60ko hamarkadaren hasieran. Ordea, testua 80ko hamarkadan argitaratu zen, Rodoreda hil eta gero, eta atzerapen horren arrazoiak bi izan litezke. Alde batetik, idazleak ez zuelako inoiz amaitu nahi izan eta, bestetik —eta hau neure kolkorako da—, testuen estilo hermetiko-sinbolikoa ez zela erraza izango orduko eta, are gutxiago, geroko irakurleentzat.

Hala eta guztiz ere, onartu beharra dago emanaldian zehar katalanez entzundako hitzekin —euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenak proiektatu dira— irudi poetiko artegagarriak eta benetan ederrak sortu zituela Rodoredak, seguruenik aproposagoak patxadaz irakurtzeko taula gainean abestien bidez entzunak izateko baino.

Maria Arnal (Badalona, 1987) sortzaile eta abeslari harrigarria arduratu da testuaren pasarte batzuei ahotsaz eta musikaz edertzeaz, eta aurrera jarraitu baino lehen polita da jakitea Arnalek bost hizkuntza dakizkiela —japoniera haien artean— eta arte eszenikoekiko zaletasuna Bartzelonako Teatre Lliuren erne zitzaiola, bertan aretozain jarduten zuela.

Berak konposatu eta interpretaturiko musikan inspirazioa izan da nagusi eta denetarik eduki du: pasarte batzuk edertasun handikoak izan dira baina beste asko zail-zailak eta deserosoak egin zaizkigu. Iberiar musikaz egin zituen ikasketek ere beren eragina eduki dute une askotan, batzuetan andaluziar doinuetara hurbiltzen zirenean eta beste batzuetan Balear Uharteetako musika herrikoia gure belarrietara ekarrita.

Marcos Morau koreografo eta sortzailearen planteamenduak estetika ilun eta zorigaitzekoan murgildu gaitu hasieratik bertatik. Neurri ertaineko hodiorgano batek presiditu du eszena, jantzi guztiak izan dira beltzak —alkandorak izan ezik, noski— gorri koloreko ukituren batekin, ugariak izan dira kapa luzeak eta haiekin egindako figurazioak, amesgaiztoetako giroaren bidetik goitik etorri dira eszenografiaren elementu asko, eta handik jaitsitako gorpuak zabor edukiontzi batean edo zakarra biltzeko kamioitxo elektrikoan bildu dituzte. Horren guztiaren erdian, dantzariek zentzurik gabeko mugimendu sinkopatuak garatzen zituzten beren nagusitasun fisikoa eta talde koordinazio perfektuaren erakustaldian, baina dantzaren diseinuari anabasa kutsua baino ez emanez.

Kalitate estetiko handiko pieza izan da, dudarik ez, baina eleberriaren izpirituari antzerkiaren bidetik gehiegi jarraitu izanak eta koreografiaren diseinurako gidaritza determinatu baten ezean, efektismo ugarien erdibidean utzi du Rodoredaren omenezko lan hau.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA