Kritika-Musika

Hiru buruko taldea

Butler, Blake & Grant.
mikel lizarralde
2026ko maiatzaren 10a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

butler, blake & grant

'Murmurs'

Diskoetxea: 355 Recordings.

Taldearen izenak berak adierazten du hiru musikariren elkartzetik sortutako proiektua dela Butler, Blake & Grant. Ez dira, agian, ospeari edo jendeak ezagutzeari dagokionez, Crosby, Stills & Nash, Emerson, Lake & Palmer edo Travelling Willburys —aurretik bide arrakastatsua egindako musikariek sortutako hiru proiektu aipatzeagatik—, baina bakoitzak egin du bere bidea, oihartzuna handiagoa edo txikiagoa izanda ere. Beraz, aurrekariak hauek.

Butler, Bernard (Londres, 1970). Suede taldearen lehenengo bi diskoen —Suede (1993), Dog Man Star (1994)— gitarrista eta arkitektoa. Haren gitarrak —batzuetan ziztatzailea eta riffean oinarritutakoa, besteetan pasarte luze eta iradokitzaileen zalea— eraiki zuen, Brett Andersonen ahots maiestatikoak lagunduta, bi disko ezinbesteko horien soinua. Gerora, pare bat disko argitaratu ditu bere izenean, eta Andersonekin ere elkartu zen The Tears proiektu puntualean.

Blake, Norman (Bellshill, Eskozia, 1965). BMX Bandits taldean aritu zen, baina 1989az geroztik Teenage Fanclub taldeko kidea da. Gitarra melodikoetan eta ahots harmonia gogoangarrietan oinarrituta egin du taldeak bere bidea. Hiru konpositoreko taldea izan da historikoki TFC —Blake bera, Raymond McGinley eta Gerard Love—, eta bakoitzak bere kantuak interpretatu izan ditu hala diskoetan nola zuzenekoetan. Beraz, badaki zer den hiru buruko proiektu baten parte izatea.

Grant, James (Glasgow, 1963). Friends Again taldeko gitarrista izan zen 1980ko hamarkadan, eta gerora, Love and Money bandan aritzeaz gain, bakarkako bide oparo baina aldi berean nahiko ezezaguna jorratu du.

Hiru musikariak Glasgown kontzertu bakar bat elkarrekin egiteko eta haietako bakoitzaren kantuak hiruren artean jotzeko elkartu ziren aurrena, baina, emanaldi hartan sortutako kimikak bultzatuta, iaz disko bat argitaratu zuten (Butler, Blake & Grant). Aurten, berriz, haren jarraipena iritsi da, Murmurs, abiapuntutik bertatik bestelako proposamen bat egiten duen kantu bilduma. 

Izan ere, diskoak hamar pieza biltzen ditu, eta horietako bederatzi hiru musikarien bakarkako ibilbideetako kantuen berrinterpretazioak dira. Nola ez, musikarietako bakoitzak hiru ale jartzen ditu, eta nabari da idazteko modu ezberdina dutela Butlerrek, Blakek eta Grantek, baina emaitzak osotasun bat erakusten du, kantu bakoitzaren ñabardurak gorabehera. Izan ere, konponketa arranditsuak alde batera utzita, oinarrizkora jo dute, eta gela batean elkarrekin jotzeak ematen dien plazera transmititzen dute disko osoan.

Biluzte hori Butlerren kantuetan nabaritzen da bereziki, batez ere Not Alone-n. Jatorrizko bertsioa, 1998koa, orkestra konponketek jantzitako pieza hantustea zen; Murmurs-en jasotakoa, ordea, soila, ia hauskorra. Beste kantu bat ematen du.

Teenage Fancluben Planets sentikorra ere —Songs from Northern Britain (1997) diskokoa—  biluziago ageri da oraingoan, gitarra akustikoen babesean, baina jatorrizko ahots harmoniei eusten die. Eta Love & Moneyren Last Ship on the River ere ez da jatorrizkoaren country-folketik askorik urruntzen.

Me & Magdalena da beste musikari bati lapurtutako kantu bakarra. Ben Gibbardek (Death Cab for Cutie, The Postal Service) idatzi zuen The Monkeesen itzulerarako, eta hirukotearen diskoan pianoak eta aho soinuak lagundutako moldaketa polit batekin ageri da.

Murmurs diskoa, finean, country, folk eta pop eremuetan murgiltzen da, eta, ezer berririk ez eskainita ere, ale politak uzten ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA