Kritika. Antzerkia

Hogei urteren bueltan badago zer esanik

2026ko urriaren 6a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘Kandela & Erre’

Konpainia: Ertza. Zuzendaritza, koreografia, musika eta testua: Asier Zabaleta. Dantzariak: Paula Plano Calvo, Asier Zabaleta. Aktore zuzendaritza: Amaia Lizarralde. Eszenografia: Pello Artola. Bideoa: Ines Bermejo. Argiak: Marc Kanou. Donostiako Gasteszena. Eguna: Urriak 3

.

Udatiarrei begira pentsatutako programazioa azkenean bukatu da; eskerrak! Beste bizitza-aro bat inauguratzera goazela dirudi, beste garai bat non arte eszenikoen agenda ez den udatiarren alegiazko mentalitate jakin baten menpe egongo; beharrik! 

Bideko maldan gora gogoz goaz, ze Ertzaren proposamenak oso geureak sentitu ohi baititugu, ausartak eta egiatiak, eta, oraingo honetan, gainera, jakingura areagotu digu Kandela & Erre deskribatzeko irakurri diegun «antzerki dantzatua» espresioak. Proposamen hori nola gauzatuko zuten jakin-minez piztuta iritsi gara Gazteszenara. 

Eszena tokian etxebizitza bat dakusagu, hormen mugak marrazten duten marra argiztagarri antzekoen bitartez eraikita. Apartamentu garden baten aurrean gaude; beraz, kristalezko modukoa uler dezakeguna hastapenetik. Hala izanik, pisukideak diren aita (Erre) eta 20 urteko alabaren (Kandela) arteko harremanen hauskortasuna susmatuko dugu. Elementu eszenografiko horiek guztiak koherentzia estetiko handiz funtzionatzen dute, musika eta argien diseinu delikatua zein neurrikoa bezain efikaza den bideoaren erabilerarekin batera. Halaber, altzairuek gardentasunaren aldeko aukera errepikatzea, batetik, eta jantzien tonalitate arrea eta off ahotsaren erabilera, bestetik, txalotzekoak dira.    

Zabaletak era ausart eta argian jarri du oholtzan bi gizaldiren talka. Boomer belaunaldiko gurasoak eta Z hazaldiko alabak hilda dagoen amarekin bakarrizketan dihardute; hari bai, kontatzen dizkiote etxelagunari aitortzera ausartzen ez direnak. Hortxe kezkak eta koxkak, hortxe gizaldien arteko aldeak eta ikusleentzako galderak: kartzelan hogei urtez egondako euskal borrokalari abertzale bati aitortzen diogu alaba gaztearen ez-binariotasuna taxuz onartzeko adinako jarrera progresista? Eta uste dugu abertzaletasunaren izenean aitak borroka armatuaren bideari ekin izana baietsi egingo duela 20 urteko gazteak?

Aita-alaben arteko elkarrizketek desenkontru eta interes politiko dibergenteez hitz egiten digute, ondo eta luze mintzatu ere. Testu zintzoa da —nire ustez, antzerkia izateko didaktikoegia, diskurtsiboegia eta agian luzeegia izan arren—; zinezkoa beti, eta gaurko hainbaten errealitateari guztiz atxikia. Horregatik, Kandela & Erre antzerki dantzatuak identifikaziorako hariak zabaltzen ditu ikusleen artean, nork bereari heldu diezaion hautua emanez eta intentsitate dramatikoa irabaziz aurrera egiten duen heinean.  

Dantzarekin zerikusia duten une gogoangarriak izan ditugu: bai soloak, bai binakako jardunak, zeinetan bi dantzarien arteko konplizitate fisikoak komunikazio ariketa bihurtu diren. Zabaletaren maisutasunari ondo erantzuten dio Paula Planoren abilidadeak. Horretaz gain, bistan da dantza ortodoxorako bi gorputz ez-normatibo ditugula oholtzan, bata zaharra delako, bestea gihartsua dugulako. Eta hori, egun eta oraindik ere, eskertzeko da. 

Bereziki esanguratsuak iruditu zaizkit dantzaldi laburrak, delicatessen-en moduan dastatu ditudanak: atea jo ala ez jo irudikatzen zuena esaterako, edota normal hitzak aktibatutako mugimendu bezalakoak. Une horiek bitxi distiratsuak suertatu zaizkigu.

Asier Zabaleta bada jakintsu eta adoretsua; ez da, ez, errazkerietan erortzen, eta ez da bizi aurreko moldeek emanikotik. Hori gaur egun balentria dugu. 

Joan zaitezte ikustera, bai.  

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA