Kritika. Antzerkia

Ikuslea entzule bihurtu

2026ko ekainaren 9a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Pelikula bat balitz'

Kontzeptua eta performancea: Macarena Recuerda. Antzezleak: George Marinov, Macarena Recuerda. Musika: La Bravo & Gydeon. Soinuaren diseinua: Alberto de la Hoz. Koreografia laguntzailea: Jorge Dutor. Argiak: George Marinov. Lekua: Errenteriako Niessen Kulturgunea. Eguna: Ekainak 7.

Sarrerak bukatuta zeudela jakinda sartu gara Niessen Kulturguneko atarian Pelikula bat balitz ikustera. Aurikularrak janzteko agindua bete dugu aretoko atea zeharkatu baino lehen. Ikusleok, entzungailuak piztuta eta gorriz argituta geneuzkanez, besaulki patioko iluntasunean irudi ederra sortzen ari ginela jabetu gara. Jakin-mina piztu zaigu, hasierako musikaren ondoren zer entzungo dugun ez baitakigu.

Baina emanaldiak tituluan bertan du azalpena: Pelikula bat balitz. Horrela, Macarena Recuerdak guztiz jostaria bezain iradokitzailea den proposamenaren barruan murgildu gaitu. Recuerdak eta Marinovek aurkeztu digute estudio bat non bi espezialista pelikula batentzat soinu banda grabatzen ari diren. Ikusleok ez ditugu ikusten haiek soinuz hornitu behar dituzten irudiak; gu bi artisten lanaren lekuko eta entzule baino ez gara.

Hasieran, naturaren hotsak aditu ditugu, hala nola hostoen igurzketa, putzuetako plisti-plasta eta haize finaren fiu-fiu-ak bezalakoak, besteak beste. Aurreratzean, nik emakume baten ihesa irudikatu dut, korrika, arnasestuka, arrisku batek beldurtuta. Horren ondoren, ezpatarien borroka sonorizatu dute, eta, azken zatian, bisualki zatirik ikusgarriena izan den horretan, antzezleak lanbro sendo batek kukututa desagertu dira, zinematografoaren fokuak gure gainean argi marrak marrazten zituela eta proiektorearen triki-traka aditzen genuen bitartean.

Txikitako garaira eraman gaituzte Recuerdak eta Marinovek. Haurtzaroko memoriatik oroitzapen bat berreskuratu dut: oroimen bat zeinetan baten batek kontatzen zuen ipuinei geuk ere jartzen diogula soinu banda. Baina urteek aurrera egin dute, eta egun konturatzen gara Pelikula bat balitz jolasa izatetik haratago joaten dela. Esaterako, bidea topatu dute ikusleak entzule bihurtzeko, eta, horri esker, baita erabateko sortzaile ere. Publikori begira, konexio handiagorik, prozesu parte-hartzaile borobilagorik izan daiteke?

Era horretan, proposamen xumea zirudiena kontzeptualki ere sendotu egiten zaigu. Soinu paisaiak, nork bere kontakizuna sortzeko aukera emateaz gain, arte eszenikoen ilusionismoa azpimarratzen digu. Ezpatak burruntzaliak ziren, haize ufadak makilak, euria ureztaontziak. Hainbat unetan iruzurra egin digute: soinua ez zetorren entzungailuetatik.

Dirudiena ez dela dirudiena esan digute soinu-artisau hauek.

Finean, barrokotik datorkigun antzerki soinu-tradiziotik beste delicatessen bat izan dugu Eztenan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE