Kritika. Musika

Iluntasunetik monolitora

Tony Iommi.
Tony Iommi.
2026ko azaroaren 22a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

tony iommi

'From the Dark'

Diskoetxea: BMG.

Bakarkako azken diskotik atera zuenetik hogei urtera, iritsi da azkenik heavy metalaren sortzailearen lan berria. 2005eko Fused diskoa Glenn Hughes mitikoarekin atera zuen, baina oraingoan abeslari ezezagunago bat aukeratu du: Jorn Lande norvegiarra, lehenago Avantasia, Masterplan eta beste hainbat proiektutan aritua. Teknika finekoa da, eta haren ahotsean Ronnie James Dioren eta Bruce Dickinsonen eragina nabari da. Becky Baldwin baxu joleak eta Karl Brazil bateria jotzaileak osatzen dute laukotea.

Iommik era ezin hobean islatzen du bere estilo propioa zortzi kantuotan: riff monolitikoak, soinu iluna baina dirdiratsua, giro astun eta elektrikoa... Black Sabbathen eta bere bakarkako ibilbidearen klabe guztiak daude hemen. Riff gizona izenez ezaguna den artistak profesionaltasun handiz atera du diskoa aurrera. Over the Violent Sun heavya eta potoloa da oso. Gitarra jaun eta jabe deka, Jornek Dioren garaiak dakarzkigu gogora, batez ere Dehumanizer diskoaren garaiak. Iluna eta beltza da Black Times bera ere. Baliteke Black Sabbathen azkena izan zen disko hartako (13, 2013) soinua ere era oso berezian presente egotea. Guztiz logikoa da, azkenean haren estilo propioaz ari baikara.

World Alone kantuak bideoklip polita ere badakar, baita Iron Maideneko Bruce Dickinsonen ahots estiloa ere. Ia hasieratik gitarra soloarekin ekiten dio, eta hortik aurrera gitarrak ez du deskantsurik hartzen. Diskoko kanturik ezagunena eta borobilenetakoa da. Baita indartsuenetakoa ere, nahiz eta Iommiren disko batean hori esatea bereziki zaila den. Dickinson, Dio... Zer esango genuke Beyond the Dead epikoari buruz? Bada, Tony Martinen ukitua daukala, eta akaso Tyr diskoan ere egon zitekeela. Pieza bikaina. Stormwatcher astunak Dioren garaietara garamatza berriz ere. Gitarra soloa oso aberatsa da, eta erritmo astunak —disko osoan bezala— pisu handiko konposizioa eta interpretazioa eskaintzen dizkigu.

Death Wake-n Landeren ahots urratua zirraragarria da oso, eta kantuak Black Sabbathen lehen diskoko giroa dakarkigu gogora. Kantuaren elegantzia astuntasunean eta soinu beldurgarrian nabarmentzen da. Kuriosoa da, gainera —eta hau gogoraraztea komeni da—, From the Dark diskoak Sabbathen etapa guztiak ekar ditzakeela burura. Iommiren estiloa konplexua da, eta abiaduren arteko jolasa ere kontuan hartu beharrekoa. Adibidez, Return of the Arbalist bizkorragoa da. Gainera, ahotsak Bruce Dickinsonen aire bat dauka berriz ere. Frenetikotasun hori solo dirdiratsuetan eta base erritmikoaren lan konpaktuan oinarritzen da.

Amaiera epikoa ere ez du falta disko honek. Zazpi minutuko Legacy sorginkeriaz beztitutako pieza pausatua da. Iluntasun mota horrek Black Sabbathen garai zaharrak eta 13 diskoko girotzea dakartza gogora, eta lortzen dituen tentsioa eta leherketa adiktiboak ere izan daitezke. 78 urterekin, Astongo Iommi zaharrak asko dauka esateko oraindik, nahiz eta segur aski inguruan ez dugun aukerarik izango zuzenean ikusteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA