Kritika. Performancea

Irudien indarra

Agus Perez.
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
'Pasado perfecto'

Konpainia: Horman Poster. Lekua: Bilboko La Fundicion aretoa. Eguna: Martxoak 25.

BAD jaialdiaren azken edizioan estreinatu zen Pasado perfecto eta berriro ikusteko parada eduki dugu egunotan. Estreinaldiaren unean jaialdiaren lanik interesgarrienetariko bat iruditu zitzaidan, antzezleen umezaroko garaia aztertzeagatik eta hura irudikatzeko baliatu zuten estetika soilarengatik.

Izan ere, soiltasun handiz jarduten dute Matxalen de Pedrok eta Igor de Quadrak, banan-banan erakutsiz 70eko hamarkadako argazki esanguratsu batzuk. Argazkiak giza jardueraren arlo askori dagozkie —borroka sozial eta politikoak, familia kontuak, kirola…—, eta neurri handikoak dira. Haietariko gehienak zuri-beltzean aurkeztu dituzte, emanaldiaren estilo apalarekin bat eginda, baina badaude pare bat koloretan, eta tarte batean Bilbon izandako desfile frankista baten filmaketa bat ere proiektatu da poster baten atzealde zurian.

Horma-irudi bakoitza eszenara ekarri ahala haren aurkezpen soil eta laburra egin dute, gehienetan mikrofonoaren aurrean, eta batzuetan interpreteen benetako hanka, oin eta pausoekin osatuz argazkiko pertsonaien izaera edo jarrera. Batzuetan umorea nagusitu da, ezinbestean, eta beste askotan seriotasuna, azaldutako gertakizunari zegokion bezala, baina kasu guzti-guztietan argazki bakoitzaren indarraren esku geratu da benetako protagonismoa.

Estreinako emanaldian proposamenaren apaltasun sendoak harritu ninduen, baina oraingo honetan irudien indarrak kolpatu nau bereziki, gaurko estiloarekin konparatuta askoz ahalmentsuak direlako. Gaur egun, ordea, dena da produkzio ondokoa eta aurretiazko produkzioa esan genezakeena —zein irudi hartu eta zein ez hautatzen da lehenagotik, eta baita ere angelua, argia, objektiboa eta baliabide tekniko guztiak—, baina garai hartako irudiek orduko kemen osoa gorde dute ezustean. Haietariko bakoitza ikustean une errepikaezin batean egina dela igartzen da, eta horretan datza euren botere ikaragarria. Igor eta Matxalen ere jakitun izan dira irudien indar horretaz, eta horren arabera planteatu dute beren lana.

Gainera, esan beharra dago ikerketa lan polita egin dutela argazki batzuen sortze puntuaren inguruan: orduko familia giroa, futbola eta Argentinako diktadura, Agurain bezalako herri batean izandako aldaketak, Francoren osteko amnistiaren aldeko borrokak… Amaieran, urte haietako lekuko batzuekin egindako bideoa proiektatu dute behegainean, eta elementu berri horrek giza balio berezia erantsi dio berez gogoeta artistiko eta soziologiko bikaina zenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.